Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek salatu du, Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek azkenean Ministroen Kontseilura eraman duen Abortuaren Legearen erreforma “basati eta atzeragarria”: “emakumeen oinarrizko eskubideen kontrako eraso basatia da hau; gure bizitzaren, gorputzaren, sexualitatearen eta amatasunaren inguruan erabakitzeko ahalmenaren atzerakada larria”.
Agirresarobek zehaztu duenez “bere iragarpena egin zenetik, erreforma hau okultismoan murgilduta egon da, hierarkia katolikoaren eta abortuaren kontrako erakundeen exijentziei erantzutera bideratuta, emakumeak “zaintzeko” aitzakiarekin eta haien erabaki ahalmena kentzeko helburuarekin”. Zentzu horretan, PPko gobernuari Espainiako Apezpikuen Batzarrari hitza eta botoa emateari uztea, eta bide batez, “behin betikoz, historikoki Eliza Katolikoak eztabaida legegileetan izan duen boterea” mugatzeko exijitu dio.
Bestaldetik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak azpimarratu nahi izan du “erreforma honen onespenak epeak kendu, eta baita ere, 30 urteko atzerakada suposatu ez ezik, mugimendu feministek gaur arte sexu eta ugalketa eskubideen arloan lortutako aurrerapenak desegiten dituela”. Aldi berean, kontrarreformaren alde asko eta asko onartezintzat jo ditu, adibidez: “ospitaleari atxikitako batzorde batek azken hitza izatea, emakume batek abortatzeko eskubidea duen edo ez erabakitzeko; edota medikuen kontzientzia eragozpen eskubidea, emakumearen haurdunaldia eteteko eskubidearen gainetik jartzea”.
Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari, benetan “emakumeen osasun fisiko zein psikologikoaren gaineko atzerakada basatia izango denean; abortatzeko kasu gehienak galaraziko ditu eta abortatzeko baimena dutenak, igarobide luze eta umiliagarriak egin beharko dituzte”.
Bukatzeko, Alternatibatik irmo arbuiatu dute erreforma atzerakoi hau, eta horregatik, indarkeri ekintza honen aurrean, indar politiko, sozial eta sindikal guztiei, eta gizarte osoari dei egin diete Gallardonen erreformaren kontrako erantzun sendoa emateko, eta hau bermatzeko helburuarekin abortuari dagokionean: “emakumeek erabakia hartu dezatela eta estatuak bermatu dezala elizaren esku hartzerik gabe”. Horrela, Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan mugimendu feministek deitutako mobilizazioekin bate egitera deitu dute.
Alternatibako Mahai Feministak abortuaren erreformaren kontra egindako bideoa: