Euskal Herria Bilduren izenean, gure erabateko gaitzespena adierazi nahi dugu PPren Espainiako Gobernuak atzoko ministro kontseiluan aurkeztutako abortoaren legearen aurrean. Lege honek emakumeen autonomia errotik urratzea dakar, eta gure gorputzen zein bizitzen gainean dugun erabaki gaitasuna erasotzen du.
Biolentzia ekintza oso larri honen aurrean, erantzunak inoiz baino argiagoa behar du izan. Inoiz baino premiazkoagoa da gogora ekartzea,eragile politiko, sindikal eta sozialek libre eta doako abortoa exijitzea, eta emakumeak pertsona autonomo, libre eta berdinak garenez, geure bizitzaren eta gorputzaren gaineko erabakiak guri hartzea dagokigula.
Kontra-erreforma honen edukien arabera, 30 urteko atzerakada etorriko da, hamarkadetan borroka feministari esker eskubide sexual eta erreproduktiboen inguruan eskuratutako lorpenak hankaz gora jartzen baitira. Gallardonek lege honekin emakumeak abortoaren aurrean “biktima eta ez errudun” egingo gintuela esan zuenean, sakoneko mezua bota zuen: emakumeak obedientziazko posizioetan kokatzera behartzen gaitu. Izan ere, beste batzuk erabakiko dute noiz abortatu daitekeen eta noiz ez; hainbat profesionalen irizpideen menpe jartzen gaitu baimena lortu ahal izateko. Finean, kontra-erreforma honek emakumeak gure baitakoak ez diren legeen menpe jartzen gaituzte, eta eskubideen subjektu izatea ukatzen digute. Gutxietsi, menpekotu, iraindu eta biolentatzen gaitu.
Murriztatzailea eta urratzailea den lege honen aurrean, EH Bildutik emakume guztientzat doakotasuna bermatuko duen legedia babesten dugu, emakumeek norbere gorputzaren gaineko erabakiak eta dagokion sexualitateaz gozatzeko aukera bermatuko duena, ernaltzetik haratago eta aukera sexualak direnak direla.
Era berean, EH Bildutik babesten dugu emakumeen erabakitze eskubideak estatu laikoak eraikitzetik etorri behar duela, erlijio egituren papera esparru pribatura mugatuz. Horregatik, eliza katolikoaren hierarkiari bi gauza eskatzen dizkiogu: ez dagozkion eztabaida eta espazioak okupatzeari utz diezaiola; eta emakumeentzat berdintasun eza eragin eta hauek sakonduko dituen egoerak bultzatzeko izan duen interes historikoa alboratu dezala. Emakumeok ez dugu behar eta ez dugu nahi tutelarik.
Azkenik, abortoa emakumeen eskubideei lotutako gaia dela ekarri nahi dugu gogora. Horregatik diogu emakumeak abortatu nahi duen ala ez erabakitzea arrazoi nahikoa eta soberakoa behar duela izan erabakitakoarekin aurrera egiteko. Eta horregatik diogu eskubideak ez direla negoziatzen. Ezin negoziatu daiteke gai hau moralaren eta bizitzaren ustezko defentsan kokatu nahi dutenekin. Ezin negozia daiteke gai hau pertsonek erabakitzeko dugun askatasunaren gainetik, bizitza eredua aurrez zehaztutako balore batzuen defentsa eginez, familia tradizionalean oinarritu eta unibertsaltzat jotzen dituzten taldeekin. Ezin negozia daiteke eliza katolikoaren hierarkiarekin, erlijioa esparru pribatuari dagokion gaia dela ulertu nahi ez duten horiekin; norbere sinesmenetik haratago, administrazioek jendarteari dagokion eskubideen gauzapena bermatzeko betebeharra baitute, emakumeena barne, hainbatek ulertu nahi ez badu ere. Eta azkenik, ezin negozia daiteke PPren moduko alderdi batekin, Euskal Herriko gehiengoak dioenari muzin egin eta dagozkigun eskubideak bortxatuz murrizketak inposatzen dituen harekin. Eraso bortitz honen aurrean, desobedientziarako deia egiten dugu; eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernuari dei egiten diegu lege hau aplikatu ez dezaten, eta aborto libre eta doakoa bermatu dezaten EAE eta Nafarroako osasun publikoan.
Abortatzeko eskubide unibertsala errespetatuko dela ziurtatzeko modu bakarra osasun sistema publikoak bere egiteko bermea jasotzetik dator. Instituzio publikoen erantzukizuna, beraz, argia da. Eta horregatik, Gasteiz eta Iruñeako Gobernuak interpelatzen ditugu, abortatzeko eskubide unibertsala bermatu dezaten.
Azken eraso honek agerian uzten du, berriro, Hego Euskal Herrian bide propioa egiteko beharra. Batez ere Nafarroa Garaiko egoerari erreparatuz gero, non ia aborto gehienak Nafarroako lurraldetik kanpora edo abortoak egiten dituen klinika pribatu bakarrera bideratzen diren; egoera honen ondorioetako bat izan da, 2011ean adibidez, kudeatutako 844 abortoetatik 3 bakarrik egin ahal izan direla Nafarroako osasun sistema publikoan.
Ezin dugu aipatu gabe utzi, gainera, libre eta doan abortatzeko emakumeen eskubidea bermatzeaz gainera, ezinbestekoa dela hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko behar adinako baliabide ezarri eta aktibatzea, emakumeek beraien gorputza eta sexualitatearen gaineko kontrola eta boterea sustatua izan dadin.
Bukatzeko, EH Bildutik mobilizazio eta erresistentziarako deia luzatzen dugu, emakumeei dagozkigun eskubide guztiak garatuko dituen jendarte eredua babesten dugunak gehiengoa garela erakusteko, libre eta doakoa izango den haurdunaldia eteteko nahia erregulatzetik hasita.