Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak Basauri eta Bergarako lantegien jarduera mantentzeko langileen proposamenaren balioa berretsi du. Gisasolak presidente kargua uzteak ez du plan hori arriskuan jarri behar, ohartarazi du.
EHBilduk Edesako langileek aurkeztutako bideragarritasun planaren balioa berretsi du, plan horrek Fagor Etxetresnak Basaurin eta Bergaran dituen lantegien jarduera mantentzea ahalbidetuko lukeelako, eta azpimarratu du Txema Gisasola MCC-Mondragon Korporazioko presidentearen dimisioak, gaur iragarritakoak, ez diola inolaz ere eragin behar MCCk langileen proposamenari eman beharreko babesari. Oskar Matuteren esanetan, “Gisasolak kargua utzi izanak ez du Edesa salbatzeko planaren garapena eta bideragarritasuna arriskuan jarri behar”.
Edesako langileek MCCri eta Jaurlaritzari helarazi dieten proposamenak 345 lanpostu mantentzea ekarriko lukeela nabarmendu du EHBilduko legebiltzarkideak, eta ohartarazi du MCCko kupulan izandako aldaketek arriskuan jar dezaketela bideragarritasun plan horren onarpena eta garapena. Horren harira, Matutek langileen proposamena babesteko eskatu dio berriro MCCri. Bere iritziz, “MCCk plana babestu behar du Gisasolaren dimisioa alde batera utzita; ezin du horren menpe kokatu langileei eman behar dien erantzuna, halabeharrez positiboa izan behar duena”.