Alternatibako Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskozek baikor hartu du EAEko Auzitegi Nagusiak Adegik Gipuzkoako Politika Sozialeko departamentuaren zein zahar egoitza eta eguneko zentroetako sektoreko patronaletako baten aurka aurkeztutako salaketa atzera bota izana, iaz milaka langile beren lan baldintzen defentsan grebara eraman zituen auziaren harira. Hala, Oskozek adierazi du Gipuzkoako patronalak pairatutako “enegarren porrot judizialak” bi ondorio argi dituela: “Batetik, Adegi justizia eta politikaren gainetik dagoela uste arren, errealitatearekin topo egiten duela eta, bestetik, patronalak faltan duela Gipuzkoa itzalpetik gobernatzen zueneko garaia, erakunde publikoetatik adiskidekeria bakarrik jasotzen zuenean”.
Alderdi ezkertiarretik gatazkaren sorburua gogoratu nahi izan dute, zaintza lanen sektorea alegia, “guztiz feminizatua, prekarioa eta ikusiezina dena, ezinbesteko funtzio soziala betetzen duen arren”; eta baita ere, milaka emakumeen “borroka eredugarria” aipatu dute, lurralde osoan grebak eta mobilizazioak egin zituztelako haien lan baldintzak mantentzeko, patronalaren lan erreforma aplikatzeko asmoari aurre eginez. Aldi berean, bozeramaileak Politika Sozialeko sailaren jarrera nabarmendu du “sektorean lan egiten duten 5.000 pertsonen baldintzak ez pobretzeko beharrezkoak ziren bitartekoak jarri zituelako, diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezen kontrako Adegiren beste salaketa bat ekarri zuena, berriz ere justiziak atzera bota zuena”.
Azkenik, Alternatibatik egoerak ironia faltarik ez duela uste dute “langileak beldurtzeko eta banan-banan haien lan baldintzak ezabatzeko negoziaketa kolektiboarekin bukatu nahi duen patronal bera izan delako, hain zuzen ere, justiziara jo duena negoziaketa kolektiborako duen eskubidea aldarrikatu duena, Diputazioa eta sindikatuak urraketaren erruduntzat joz”.