Opor fiskalen auziarengatik Europak ia ziurrenik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioei ezarri behar dien zigorrak zalantzak eragiten ditu batez ere EAJk bultzatu duen eredu fiskalaren aurrean.
Guztiok ordaindu behar izango dugun txapuza fiskalak erantzule zuzenak ditu, izen eta abizenekin. Beraiek bultzatu zuten eredu fiskal hori, enpresa jakin batzuk lagundu zituzten, beraiek bilatu dute zigorra egotea, eta beraiek dira jendaurrean erantzukizuna dutela azaldu behar dutenak.
Eztabaida ez da nork ordaindu behar duen, azken baten herritarrek modu zuzenean pairatu beharko dutelako horren ondorioa; izan ere, altxor publikotik diru kopuru handia (50 milioi euro) bideratu beharko da zigorra ordaintzera.
Eztabaidak bestelakoa izan behar du: zergatik bultzatzen da gutxi batzuk babesten eta laguntzen dituen eredu fiskal bat? Zergatik bultzatzen da zerga ekarpenaren pisu handiena langileen errentek hartzen duten eredu bat? Zergatik bultzatzen da gehien duena babesten duen eredu bat? Hori ez da inolaz ere onargarria.
Pribilejiodun batzueri zerga gutxiago ordaintzeko ematen zaizkien aukerak desagertu egin behar dira. Enpresa edo pertsona batzuk zergak ordaintzea saihesteko bideak irekita izatea ez da onargarria. Zergatik batzueri bai eta besteeri ez? Produktu fiskal horiek bidegabeak dira ikuspegi sozial batetik eta elkartasun falta handia uzten dute agerian.
Hala ere, eredu horri eusten diote batzuk modu tematian; hau da, zergak ordaintzea saihesteko aukerak eta iruzurra bultzatzen dituzten politikekin jarraitzen dute, eta bestelako beharrak dituztenentzako erabili beharko ziren bitartekoak murrizten dituzte.
Aberastasuna birbanatzeko tresna izan beharko litzateke fiskalitatea, ekitatea bermatzeko eta iruzur fiskalari aurre egiteko tresna. Gizarte osoaren lehentasunak eta beharrak estali ahal izateko eta bermatzeko helburua duten politika publikoak bultzatzeko eta indartzeko tresna.
Hala ere, erabateko bidegabekeria soziala suposatzen duen EAJ-PSE-PP hirukoak izenpetutako akordio fiskala pairatu beharrean gara; izan ere, akordio horren helburua da gehien dutenak saritzea, gutxien dutenen kaltetan. Bakoitzaren gabeziak eta alderdi interesak estaltzeko helburua duen akordioa da, eta ez du inolaz ere gizarteari mesede egiteko xederik.
EAJK edo PPk eskuineko eredu fiskala babestea ez zaigu harrigarria egin, baina PSEk, bere burua alderdi sozialistatzat duenak, ezkerreko alderdi bezala aurkezten denak, hartu duen bidea desengainua izan da guretzat, azken baten, gehien duenak gehiago ordaintzea saihestea eta aberatsenen kapital errentak babesteko helburua daukan ereduaren alde egin duelako.
Norabide horretan, hirukoaren kontraerreforma fiskalak beste jauzi bat egin nahi du, Fortuna Handien Gaineko Zergaren aurka eginez. Fiskalitatearen eta zerga ereduaren inguruko eztabaidarik ez egotea nahi zuten horiek izan dira azkenean eztabaidari bidea eman diotenak. Baina egin dute helburu argia daukan kontraerreforma bultzatzeko: EH Bilduk bultzatzen duen eredu fiskala gelditzea eta indargabetzea. Izan ere, gure ereduak emaitza onak eman ditu, eta aurrera begirako bidea ere zehazten du.
Harmonizazio soinekoa jantzi nahi diote ADEGIren eta CONFEBASKen aginduei jarraituta Bizkaiko Diputazioak diseinatutako uniformizazioari. Uniformizazio fiskal horren ondorioz, aberatsen eta txiroen arteko lubaki sozial eta ekonomikoa oraindik eta gehiago zabalduko da.
Aurrean daukagun egoera tamalgarria da. Milaka familia daude baliabide ekonomikorik gabe, pobreziaren tasak onartezinak dira, milaka eta milaka dira lanik ez eta diru-sarrerarik ez dituzten pertsonak, patronala gehiegikeriak egiten ari da, zerbitzu publiko eta sozialetan murrizketak egiten ari dira… Eta errealitate gordin horren aurrean, eredu fiskal okerra bultzatzen dute ezelango lotsarik azaldu gabe; eredu fiskal bidegabea, desorekatua eta iruzurrari eta zergak ordaintzea saihesteko aukerari bidea ematen diona.
Egoera politikoa eta soziala mehatxua da gure etorkizunarentzat. Horregatik, beharrezkoa da porrot egin duten ereduak gainditzea, bidegabeak izateaz gainera diskriminazioa eragiten dutelako. Gaur egun bizi dugun krisitik atera ahal izateko, fiskalitateak oso paper garrantzitsua dauka. Zerga politika norabide horretan joan behar da, bestelako ardatz batzuekin batera: enplegu politika propioak bultzatzea edota zerbitzu publikoak eta artapen soziala bermatzea.
Horregatik guztiarengatik, EH Bildutik adierazten dugu:
- Opor fiskalei dagokienean, horren guztiaren kudeaketan parte hartu duten alderdiei gizartearen aurrean erantzukizuna bere gain hartzeko eta behin betirako hona ekarri gaituen eredu fiskala alboratzeko eskaten diegu
- Eskuinaren kontraerreforma bultzatzen ari den PSEri jarreraz aldatzeko deia egiten diogu eta eredu fiskal aurrerakoia, bidezkoa eta ekitatiboa bultzatzeko indarrak batu ditzala berriro
- Atzerakoia den zerga politika honen aurreko beren kontrakotasuna azaltzeko deia egiten diegu eragile sozialei eta sindikalei eta gizarteari oro har
- Bestelako eredu fiskalaren alde egiten dugu EH Bildutik, fiskalitate progresiboa eta bidezkoa indartuko duen fiskalitatearen alde egiten dugu. Aldi berean, EAJ-PSE-PP hirukoak bultzatutako kontraerreformak ezkutatzen dituen pribilejioak salatzen ditugu