Mundua pobretzen dihardutenen agindu politikoak babesten eta betetzen jarraitzeko asmoa duela berretsi du gaur Lehendakariak Gasteizen, EH Bilduko Oskar Matutek egindako interpelazio baten harira. Hala, martxoaren 3ko Bilboko gailur ekonomikoan egongo dela esan du, Luis de Guindos, Olli Rehn (Europako Batzordea), Christine Lagarde (FMI), Joaquín Almunia edo Mariano Raxoiri ongi etorria emateko. Hain zuzen ere, koalizioaren iritziz horiek dira “krisi ekonomikoaren arduradun nagusiak eta gizartearen pobretzea bultzatzen dutenak”.
Matutek salatu du martxoaren 3ko gailurrean “irainaren argazkia” aterako dela, eta Urkullu eta Azkuna argazki horretan agertuko direla. Horren haritik, Jaurlaritzaren bozeramaile nagusiari exijitu dio “gure eskubideak urratzen dituztenei jartzen dien alfonbra gorria” erretiratzea. Lehendakariak, aldiz, bere hitzekin adieraztera eman du Raxoi eta besteen eredu ekonomiko bera duela.
Zentzu horretan, EH Bilduren bozeramaileak “iraintzat” ere hartu du gailurrean parte hartzeko erabakia. “Euskal gizartea dagoen egoeran ez da zilegi argazki horretan parte hartzea”, kritikatu du. Horrez gain, Legebiltzarrean hartutako erabakiei ere trufa egiten diela gaineratu du. “Ez da logikoa EAJk lan erreformaren aurka bozkatzea Gasteizen, eta biharamunean, Raxoirekin elkartzea eta bere eredu ekonomikoarekin bat egitea”.
Koalizioak adierazi du gailur ekonomikoari Jaurlaritzak eskaintzen dion babesa erretiratzea eskatzeko mozioa aurkeztuko duela hurrengo egunetan. Horrez gain, bat egin du ekimenaren harira egingo diren mobilizazioekin.