EH Bilduk krisiaren errudunen festa horretan parte ez hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari mozio baten bitartez. Ekimen sorta aurkeztu du krisiaren eredu ekonomikoaren ondorioak azalarazteko eta alternatibak proposatzeko.
Espainiar Gobernuak antolaturik, datorren martxoaren 3an Bilbon egitekoa den Gailur Ekonomikoaren helburua krisia ekarri duten politikak eta eredua aldarrikatzea baino ez dela salatu du EH Bilduk, eta kritikatu du Urkullu lehendakaria eta bere Gobernua FMI, Eurogrupo eta OCDE bezalako erakundeen festa horretan parte hartzeko prest egotea, Rajoyrekin batera. Belen Arrondok eta Oskar Matutek adierazi dutenez, “Urkulluk eta EAJk, PPk eta PSOEk bezala, Gailur Ekonomikoan parte hartzea larria izanda, larriena da lapurren banda horren aginduak hitzez hitz beteko dituztela; benetako arazoa horretan datza, Jaurlaritzak urtean zehar banda antolatu horrek agindutako murrizketak gauzatuko dituelako eta politika horien azken katebegi bilakatuko delako”.
EH Bilduko legebiltzarkideek esan bezala, Bilbon bilduko diren horiek krisia euren poltsikoak loditzeko erabili dute, herritar gehienen eskubide sozialak zapaldu dituzten bitartean. Arrondo eta Matuteren iritziz, “ulertezina da Jaurlaritza miseria baino banatzen ez dutenen ondoan, haien zerbitzuan, jartzea eta jendarteari bizkarra ematea”; horregatik, mozioa aurkeztu dute gaur Legebiltzarrean, Gobernuari Gailurrean parte ez hartzeko eta kalean Guggenheim Museoan elkartuko direnei aurre egingo dieten gizarte eragileekin bat egiteko eskatzeko. Izan ere, “martxoaren 3an bi errealitate irudikatuko dira Bilbon: batetik, gizartearen gehiengoa pobretu duten murrizketak eta politikak are gehiago aberasteko baliatu dituztenak; bestetik, elite ekonomiko horien biktimak, herritar gehienak”.
EAJk eta Jaurlaritzak ez bezala, EH Bilduk kalean egotea erabaki du, politika horien biktimen ondoan, gehiengo sozialarekin bat eginda, eta mozorroa kenduko dio Rajoyk eta FMIko zein OCDEko buruzagiek, besteak beste, Bilboko Gailurrean aldarrikatuko duten eredu ekonomikoari. Arrondok eta Matutek iragarri dutenez, “ekimen sorta aurkeztu dugu Legebiltzarrean eredu horrek dakartzan ondorio larriak agerian uzteko: pobrezia handitzea, lan eta gizarte eskubideak murriztea, gizarte prestazioak desagertzea, pentsio sistema desegitea… Eta mahai gainean alternatibak ipiniko ditugu, egon badaudelako: lan harremanetarako euskal esparrua, enplegu publiko duina sustatzea, gizarte laguntzak bermatzea…”.