Azken urteetan egindako lana baloratzeko eta “hiri eredu berria eraikitzeko ditugun erronkak herritarrekin partekatzeko” herri batzarrak antolatu ditu EH Bilduk Donostian. Gaur egindako agerraldian, duela bi urte abiarazi zen aldaketan sakontzeko herritarren ekarpena ezinbesteko osagaitzat jo dute EH Bilduko ordezkariek. Bertan izan da ere Alternatiba Gipuzkoako kide Ayem Oskoz.
“2011ko maiatzean burutu ziren udal hauteskundeek aldaketa esanguratsua eragin zuten Donostiako Udalean. EH Bildu Donostiako Udal Gobernuaren buru jarriz, urte luzez Donostian garatutako politika eredua aldatzea hautatu zuten herritarrek. 2011ko maiatza hartan, gauzak beste modu batera egiteko jarri gintuzten herritarrek Udal Gobernuaren buru, eta geroztik, mandatu horrek gidatu ditu gure urratsak.
Bi urte eta erdi hauetan, aldaketa hori gorpuztuz joan gara, bai politika egiteko moduei dagokienean, baita politika horien edukiei dagokienean ere. Formei dagokienean, Udaletxearen ateak herritarrei zabaldu dizkiegu eta herritarren parte hartzerako bideak ugaldu. Auzoetara joan gara arazoen aurrean aurpegia ematera eta informazioa herritarren esku jarri dugu. Herritarrak Donostiako politikagintzaren protagonista bilakatzen ari gara.
Baina politika egiteko moduez harago, garatzen ari garen politikek ere, aldaketa nabarmena ekarri dute Donostiara. Gure politiken erdigunean ere, pertsonak, donostiarrak jarri baititugu. Donostiarren interesek gidatzen dituzte, gaur inoiz ez bezala, Donostiako Udaletik bultzatzen diren politikak. Eskubide sozialen eremuan, enpleguaren sustapenean, giza eskubideen alorrean, ekologian, hizkuntzan, kulturan edota aniztasunean, herritarrak dira EH Bilduren politiken abiapuntua eta helmuga. Herritarrak dira gure politikaren ardatza.
Eta hori horrela izanik, berebiziko garrantzia du EH Bildurentzako instituzioetan egiten ari garen lan hori guztia herritar sare zabalekin iraunkorki partekatzea. Informazioa zuzenki elkartrukatu eta egiten dugun lana elkarrekin baloratzeko, baita aurrera begira ditugun erronkak elkarrekin aztertu eta zehazteko ere. Ekainaren 23an, legegintzaldiak bi urte bete zituenean, Miramarren ehun herritar inguru elkartu ginen egindako bidearen balantzea egiteko, eta bertan, ondorio argia atera genuen. Alegia, halako saio irekiak biderkatu behar genituela.
Eta hala egingo dugu. Otsaila eta martxoan zehar lau saio antolatu ditugu hiriko gune ezberdinetan. Esan bezala, saioen helburua bikoitza izango da: egindako bidearen balorazioa egitea eta aurrera begira ditugun erronkak partekatzea. Saio guztiak larunbatez burutuko ditugu, goizeko 11:00etan abiatuta, eta metodologia aldetik, herritarren parte hartzea bultzatzeko formatuak landuko ditugu (talde txikietan banatu…).
– Datorren larunbatean, otsailaren 15ean, Okendo Kultur Etxean herritarren partaidetzaz arituko gara “Herritarrok egiten dugu Donostia” izendatu dugun saioan.
– Otsailaren 22an, Egiako Kultur Etxean, euskara izango dugu hizpide “Bizi euskaraz Donostia” lemapean.
– Martxoaren 22an, Loiolako Kultur Etxean hirigintzaz arituko gara “pertsonentzako hiria” izenburupean.
– Martxoaren 29an Altzako Casares Kultur Etxean, ongizate politikak aztertuko ditugu “Donostia justu eta solidarioa” saioan.
Guk argi dugu, guk eraiki nahi dugun Donostia, herritarron Donostia, herritarrekiko justu eta solidarioa, parte hartzailea, euskalduna, jasangarria, kultur-anitza… eraikitzen jarraitzeko, herritarren inplikazioa eta babesa ezinbesteko osagaia dugula. Horregatik, batzar hauetan parte hartzeko deia ozen luzatu nahi diegu EH Bildu bultzatzen ari den hiri eredu berri honekin bat egiten duten herritar guztiei.