Zabalgarbik Ingurumen araudia urratu izana “arduragabekeria larria” dela ziurtatu du EH Bilduk, erraustegiak bizkaitarren osasuna arriskuan ipini duela iritzita. Ekologistak Martxan taldeak joan den astean jakitera eman zituen datuen harira egin ditu adierazpenak EH Bilduk. Talde ekologistak Eusko Jaurlaritzaren datuak hartu ditu oinarri, Ingurumen Zaintzarako Programan jasotzen direnak eta joan den astean jakitera eman zuenez, 2012 urtean Zabalgarbik lau aldiz gainditu zuen hainbat gai kutsakorren gehienezko isuria. Halako egoera bat gertatzen denean, Zabalgarbiren jarduna etetera behartzen du araudiak, isuritako gai toxikoen mailak behera egin dezan baina Zabalgarbik ez zuen bere jarduna eten, gehienezko muga gainditu zuen lau aldietatik hirutan.
Irune Soto batzarkidearen hitzetan, “arduragabekeria itzela” da Zabalgarbik ingurumen araudia urratu izana. “Oso gertakari larriez ari gara hizketan. Bizkaitarron osasunaz ari gara. Datuek argi eta garbi adierazten dute Zabalgarbik ez dituela gutxieneko kontrol neurriak bete eta, beraz, arriskuan jarri du inguruko biztanleriaren osasuna”.
Asier Vega, Irune Soto eta Aitziber Ibaibarriaga
Datuak joan den astean publiko egin ziren arren, Bizkaiko Aldundiak “hitz erdirik ez esan izanak” are gehiago kezkatzen ditu koalizioko kideak. “Aldundiaren isiltasuna oso nabarmenegia gertatzen ari da” adierazi du Sotok.
EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkie araudi urraketaren arduradunei eta zentzu horretan, Iosu Madariaga Aldundiko Ingurumen diputatuaren presazko batzorderatzea eskatuko du. Madariaga diputatu izateaz gain, Zabalgarbiko Administrazio Kontseiluko presidentea da baita ere. Dena den, koalizioak aurreratu duenez, “azalpenak ez dira nahikoa izango”. “Gertakari larriok, ondorio argiak izan behar dituzte arduragabekeria honen erantzuleentzako. Halakorik ezin da onartu eta ezinbestekoa da neurriak hartzea berriz gertatu ez dadin” adierazi du batzarkide taldeko bozeramaileak.
Bilboko udal taldetik ere Zabalgarbiren urraketak salatu dituzte EH Bilduko ordezkariek. Aitziber Ibaibarriagak adierazi duenez, Zorrotza, Deustu eta San Inazioko auzokideen osasuna da bereziki arriskuan jarri dena, “100.000 pertsonatik gora bizi dira auzo horietan” argitu du. Hala, EH Bilduk biztanleriaren osasuna kaltetua izan den argitzeko ikerketa eskatuko du Bilboko Udalean eta zinegotzi delegatuari beharrezko azalpenak eman ditzala eskatuko dio.
Ibaibarriagak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak araudi urraketaren berri zuela 2012. urtetik baina ez duela inolako neurririk hartu. “Guztiz onartezina da. Kanpaina elektoraletarako “pertsonak lehenengo” direla esaten dutenek, ez dituzte osasun berme oinarrizkoenak betearazten”.
Bestalde, Zabalgarbiren errendimendu energetiko baxuari erreparatu dio Ibaibarriagak. Eusko Jaurlaritzak jaso dituen datuen arabera, Zabalgarbik ozta-ozta betetzen du “balorizazio energetikorako azpiegitura” izendatzeko gutxieneko errendimendua. Aldiz, Ekologistak Martxanek errendimendua kalkulatzeko metodologia akatsak salatu ditu eta Zabalgarbiren jarduera “hondakinen ezabatzeari” dagokiola ziurtatu du, eta ez “balorizazio energetikoari”. Baieztapen hori frogatuko balitz, Bizkaiak ez luke hondakin kudeaketarako araudi europarra beteko eta Bizkaiko hondakin sistema legez kanpokoa litzateke.
Horrez gain, Zabalgarbiren bideragarritasuna ere oso zalantzazkoa utzi dute agerian datuek. Zabalgarbi ezohiko diru laguntza publikoei esker da bideragarri baina EH Bilduk ohartarazi duenez, litekeena da Espainiako Gobernuak laguntza horiek ezabatzea. “Hala gertatuko balitz, zein litzateke Zabalgarbiren etorkizuna? Aldundiak emango lizkioke laguntzak? Isurtzen dituen gai toxikoak arnasteaz gain, bizkaitarrok gure poltsikotik ordaindu beharko genuke azpiegitura defizitario hori?” galdetu du Ibaibarriagak.
EH Bildutik azpimarratu dute Zabalgarbi dela Bizkaiko Foru Aldundiaren hondakin kudeaketarako ardatza. Ibaibarriagaren hitzetan, “EAJk sortu duen munstroa nola-hala elikatu behar duela erabaki du Aldundiak. Berdin dio bizkaitarron osasuna arriskuan jartzen bada, berdin dio errendimendu baxuko azpiegitura bada eta Europako araudia urratzeko arriskuan bagaude, eta berdin dio bideragarria ez bada. Zabalgarbi gabe, Aldundiak ez du hondakin kudeaketarako politikarik”.