20 galdera egin dizkio Oskar Matute legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Ana Oregiri, AHTaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz. Matutek behin eta berriz galderak egin dizkion arren, Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak ez du erantzun zehatzik eman. Ildo horretatik, ez da gai izan Jaurlaritzaren diskurtso ofiziala gaur egun testuinguru sozioekonomikora egokitzeko. “Orain 20 urte erabiltzen zuten arrazonamendu bera erabiltzen jarraitzen dute”, salatu du Matutek, “ahaztuz, gizartea, eta pertsonen egoera eta beharrizanak errotik aldatu direla”. “Jarraitzen dute AHTa aurkezten modernitatearen eredu moduan eta mundu osoarekin konektatzeko tresna gisa”, gaineratu du.
Oregiren ez erantzuteko jarrerak azpiegitura erraldoi honen etorkizunari ziurgabetasuna gaineratzen diote. Matutek emandako datuen arabera, “Jaurlaritzaren inkesten arabera gizartearen ia %70ak erantzuten du gutxi edo ezer ez dakiela Euskal Yaz.
Beraz, jende askok ez daki ze kostu izango duen, zenbatekoak izango diren gainkostuak, noiz bukatuko den, zeintzuk diren ingurumenari egingo dizkion kalteak, zenbatekoa izango den mantenua, enpresa konstruktoreak ze lan hitzarmen aplikatzen duten, etabar”. “Horiek guztiak erantzuteko Lehendakariak egon beharko luke hemen, herritarrei azalpenak ematea bere betebeharra delako”. Bere ordez, sailburuak hartu du hitza Legebiltzarreko osoko bilkura monografikoan.
Legebiltzarkideak sailburuari leporatu dio diskurtso “zaharkitua eta zehaztasunik gabea” erabiltzea, eta obren etorkizuna zoriari uztea. “EH Bilduk beharrezkoak den aldi guztietan ekarriko du eztabaida hau ganbera honetara, susmoa dugulako gobernu honek gure beharrizanen gainetik bizi nahi izan duela, eta hori salatzea ezinbestekoa da. Gero eta nabarmenago da pertsonen lehentasunak beste batzuk direla. Baina susmoa dugu EAJren lehentasuna ez direla gizartearen gehiengoaren beharrizanak, baizik eta AHTaren obrak egiten aberasten diren poltsikoak berotzea”, esan du Matutek.