Alternatibako Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskozek bihar, larunbata, Tolosan antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du, Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lemapean eguerdiko 12:00etan Trianguloatik abiatuko dena, “osasungintza publikoa aldarrikatu eta kapital pribatua oinarrizko zerbitzu publikoetan sartzearen arriskuaz ohartarazteko”, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Inviza enpresarekin duen hitzarmenaren harira.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogora ekarri nahi izan du Margaret Tacherrek Erresuma Batuan zerabilen leloa, “there is no alternative” (ez dago beste aukerarik) oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatzen zituenean: “Egun, Ingalaterran nabarmenak dira politika horrek osasungintzaren kalitateari eragin zizkion kalteak. Orain dela gutxi, David Cameron lehen ministroak barkamena eskatu behar izan zuen, hain zuzen ere, pribatizazio prozesu horren ondorio lazgarriengatik”.
Oskozek esan duenez, Thatcherrek ez bezala, “PNVk disimulu handiagoarekin ekin dio osasun sistemaren pribatizazioari”. Honen kontra, askotariko eragile ugari biltzen dituen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde TOPA plataformak lan “bikaina” egin du eskualde hartan gertatzen ari den egoeraren inguruko kezka zabaltzeko, alegia “Darpon osasun kontseilariak Tolosaldeak ospitale publiko bat izatearen eskaera historikoari muzin egin eta pribatizazioan urrats berriak egiten dabilela salatzeko”.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Gomez Montoyaren Asuncion Klinikari orain arte publikotik ematen ziren zerbitzuak bideratzen ari da. Gomez Montoya Adegi eta CEOEko klinika pribatuen bozeramailea da eta, ospitaleak kudeatzeaz gain, zahar etxeak ere kudeatzen ditu. Ez da lehen aldia PNVk lagundu egiten diona. Zahar etxeen borrokan Gomez Montoyak Gipuzkoako patronalaren bozeramaile gisa Aldundiaren kontra aritu zenean, PNV Adegiren alde aritu zen.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, “Euskal Herrian ikusi ditugu Nafarroako ospitaletako elikagaien aferarekin zein larria izan daitekeen osasungintzaren pribatizazioa”. Horregatik, orain PNVk EAEn ere eredu hau zabaltzeko helburua ageri duela, “Tolosaldean eman beharreko erantzuna sendoa izan behar da, Tolosaldean eredu hau gelditzeak beste eskualde batzuetan be gelditzea suposatuko baitu”.