ETA bere esku dauden urratsak egiten ari da norabide egokian, Aieteren Konferentziaren hasieratik gaur arte. Oraingoan, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak bere gain hartuko du ETAren armategien zigilatzea eta erabilpen operatibotik kanpo uzteko prozesuaren gainbegiratzea, etorkizunean estatuekin armagabetze prozesu bati heltzeko oinarriak jarriz eta horretarako borondate osoa agertuz. Beraz, urrats honekin, ETAk aurrerantzean eragile armatua izateari uzteko prozesua abiatu du.
Era berean, ekimen honen bitartez ETAk bere jarduera armatuaren bukaeraren erabateko segurtasuna ematen die euskal herritarrei, eta horrek balio politiko itzela dauka.
Gainera, eta aldebakarreko erabakia den neurrian, bakearen kontrakoen gainetik, aldebakartasunez jardutearen balioa berrestera dator. Madrilen duen aurkako jarrerarekin ere aurrera egin daiteke eta egin behar da.
Ekimen honen bidez ETAk beste aurrera pauso bat eman du. Desarmea behar bezala egitea ezinezkoa gertatu da egun gobernu espainolak ez duelako eman dadin nahi, eta horretarako oztopo guztiak ari delako jartzen. Bera da egun, gobernu espainola alegia, blokeo jarrera mantentzen duen bakarra, eta jarrera hori behin betikoz alboratu eta urratsak egitea dagokio aurrerantzean.
Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearen papera ere azpimarragarria eta txalogarria da guztiz, batik bat espainiar estatuan bakearen aurkako indarren aldetik jasotzen ari diren presio eta deskalifikazioen gainetik, Aieten hasitako bidea bururaino eramateko hartu duten konpromisoarengatik. NEBaren jokabide honek ondorio oso positiboak ekar ditzake nazioarteko eremutik.
NEBk gaurtik hartu duen mandatu berriak agerian uzten du Euskal Herriko gatazka nazioarteko agenda politikoan dagoela eta konponbidea bultzatzeko borondatearen adierazle da.
ETAren urrats hau Aieteko konferentziak irekitako bidean kokatzen da et erabaki honen hartzaile nagusia Euskal Herria da eta bakearen aldeko ahalegina indartzera eta elikatzera dator.
Herri honek bakea behar du, gatazka bere osotasunean konpondu: Helburua motzera, gatazkaren ondorioei aterabideak topatzea da. Lehentasuna da. Horretarako, salbuespeneko politikak deuseztatu eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago, presoak Euskal Herriratuz eta hortik etxeratze prozesuari ekiteko. Era berean, ETAren armagabetze prozesu kontrolatua, ordenatua eta adostua burutu behar da. Eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa.
Ez dute errezeta zaharrek eta agortutako praktikek balio. Praktika berriaren abiapuntua Euskal Herrian bakea lortzeko eragile bakoitzaren konpromisoa izan behar du eta urratsak egitea dagokigu guztioi. Euskal Herria Bilduk bakea bultzatzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa berresten du herriaren aurrean.
Iturrian irakurri: EHBildu