Euskal Herria Bilduk bere iritzia agertu nahi du, ETAk egindako azken urratsaren harira, Entzutegi Nazionalak Nazioarteko Egiaztatze Batzordea deklaratzera deitu duen honetan:
ETA erakundearen ekimena jakin bezain pronto, Euskal Herria Bilduk bere urgentziazko balorazioan “Bakea eta konponbidea bultzatzen duen mugarri berri baten aurrean gaudela” aipatu zuen. Eta ziur gaude euskal herritarren gehiengoak bat egiten duela irakurketa honekin. Berri on baten aurrean gaude, beraz.
Berehalakoan erantzun du Madrilgo gobernuak: erantzun larria, ezin larriagoa eskaini du, bere blokeo eta boikot jarrera horretan sakonduz.
Euskal Herria Bilduren iritziz, bakea eta konponbidearen aurka edozer gauza egiteko prest dagoen Estatua dugu aurrean.
Era berean, Espainiak bere benetako aurpegia erakutsi dio nazioarteko komunitateari: torturatzaileak Argentinara estraditatzeari uko egiten dio batetik, eta bestetik bere armategi judiziala prest du bakegintzan adituak diren nazioarteko ordezkarien aurkako jazarpenari heltzeko.
Gertakari honen aurretik, Espainiaren marka nazioarteko komunitatearen aurrean minimoetan zegoela pentsatzen bagenuen ere, Entzutegi Nazionalaren gaurko zitazio honek are gehiago kaltetzen du Espainiari buruzko iritzia munduan zehar. Aieteko konferentzian parte hartu zutenak eta Euskal Herriaren pakearen alde lanean jarraitzen duten jende oro prozetatzen jarraituko dute? Jakin dezaten Munduan eta Europa mailan erridikulua egiten ari direla!
Hala ere, gauza jakina da Espainiaren arazoa ez dela nazioarteko egiaztatzaileekin: Madrilen benetako arazoa bakearen eta konponbidearen alde, erabakitze eskubidearen alde egiten duen euskal gehiengo politiko, sindikal eta sozialarekin da. Hauxe da Madrilen benetako arazoa, prozesuaren aurka blokeo eta boikot jarrera erakutsiz erantzuten duena.
Hau da, beraz, pasa den ostiralean Nazioarteko egiaztatzaileekin bilduta egon ginen eragile guztiek erantzun beharreko errealitatea. Euskal Herria Bilduren iritziz, nazioarteko egiaztatzaileei erakutsi beharreko errespetu eta babesaz harago, gure ardura prozesuan aurrera egiteko urrats sendoak egitea izan behar du. ETAk egin du berea. Askoz ere urrats gehiago behar ditugu guztion partetik.
Testuinguru honetan, Urkullu lehendakariak hainbatetan errepikatu izan du bere helburua Rajoyren gobernuarekin elkarlan estuan aritzea dela. Euskal Herria Bilduren iritziz, noiz arte itxaron behar du gertakari ezin larriago honen aurrean egiaztatzaileen aurkako jazarpena amaitu dadin eskatzeko? Ez da batere ulergarria halako egoeraren aurrean ezer egin ez izana.
Amaitzeko, Euskal Herria Bilduk datorren asteleheneko Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen batzordera eramango du gertatu denaren salaketa eta gauza bera egingo dugu Gasteizko legebiltzarrean ere, horretarako bilera urgentea eskatu dugularik.
Irakurri iturrian: ehbildu.net