Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak jardunaldi hori “mundua pobretu izanaren errudun nagusien biltzar erraldoi” gisa definitu du. Hain zuzen ere, Matutek bertaratuko direnak eta euren erakundeak jo ditu “demokraziaren murriztearen, lan eta giza eskubideak suntsitzearen” erreduntzat, “baita Euskal Herriari dagokionean ere”, gaineratu du. Koalizioak eskua luzatu dio EAJri, gailurrari eman dion babesa erretiratzeko. Aldiz, jeltzaleek nahiago izan dute PSErekin eta PPrekin batera bozkatu eta koalizioaren mozioaren aurka egin.
Ildo horretatik, Matutek salatu du Jaurlaritzak ateak irekiko dizkiola “murrizketa politika krudela sustatu duten erakundeei”. “Hipokrita da, kanpotik datozenekiko begirunea adierazten duena eta etxekoekin harroputz”, esan die jeltzaleei, Malincheren esaldia gogoratuz. Berez, ongi etorria egingo die Urkulluk eta Jaurlaritzak Espainiako Erregeari edo Christine Lagarde (FMI) eta Olli Rhen (Europako Batzordea) bezalako agintariei.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduren bozeramaileak adierazi du koalizioa kalean izango dela, sindikatu eta eragile sozialek deitu duten mobilizazioetan. “Kalean aldarrikatuko dugu beharrezkoa dela eraldaketa soziala eta eredu kapitalista bazterrean uztea”.