Alternatiba Arabako bozeramaile Cristina Bereciartuak “irain larritzat” jo du Foru Aldundiak Euskadiko PPren kongresua emakumearen nazioarteko egunaren ospakizunari lehenestea, martxoaren 8ko ekitaldi ofiziala 6ra aurreratu baitu. Bereciartuak, Diputatu Nagusi Javier de Andresi “bere ardura arabar guztien ordezkari izatea dela” gogoratu dio “eta ez bere alderdiko bozkatzaileena bakarrik. Are gehiago, jarrera honekin agerian uzten du bere lurraldeko %50arren populazioaren jabekuntzan duen interes falta”.
Aldi berean, “gauzak egiteko modu honek Arabako emakumeak gutxiesten dituela” nabarmendu du ere, aurtengo martxoaren 8an, aurreko urteekin alderatuta, “borrokarako gogo berezia” aurreikusten dela, hein handi batean, Gallardon ministroaren Abortuaren Lege “atzerakoiaren” onarpena dela eta, de Andresek sutsu defendatzen duena “aste honetako osoko bilkuran eginiko adierazpenekin egiaztatu zuen bezala, abortatzeko eskubidea garagardo bat edo tabako pakete bat erosteko erraztasunarekin konparatzeko ausardia erakutsi zuenean”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Arabako “emakumeen ahotsak entzutearen de Andresen beldurrari” leporatu dio betidanik foru erakundeko eskaileretan egin izan den ekitaldia Aldundiak leku isil eta ezkutatuago batera, Artium museora alegia, mugitu izana”.
Egoera honen aurrean, Alternatibatik haien haserrea erakutsi nahi izan dute, “Aldundiko Gobernuak egindako zentzugabekeria honen aurrean. Horregatik, Javier de Andres jaunaren eta bere lan taldearen berehalako zuzenketa exijitzen dugu”. Bukatzeko, Bereciartuak Arabako gizarte osoa martxoaren 8rako, larunbata, deitutako manifestazioarekin bat egitera deitu du, San Anton plazatik abiatuko dena 12:30etan “GURE ASKATASUNA BORROKATUZ, erabakitzeko eskubidea gurea da” lemapean. Bide batez, egun horretarako deitutako mobilizazio guztiekin bat egitera deitu du ere.