Bilbon martxoaren 3an egin zen Global Forum Spain gailurrak Troikaren politika murriztaileentzako estalpe moduan jokatu zuela uste du EH Bilduk. Koalizioaren iritziz, multinazionalen buruak eta ekonomia kontrolpean duten erakundeek austeritatean sakontzeko mezua helaraztera etorri ziren, ustez, hori baita krisitik ateratzeko bide bakarra. “Lotsagarria izan zen argazkia. Europako, Espainiako eta Euskal Herriko herritarren eskubideak kolpatzen jarraitu gura dutela agerian utzi zuten”, adierazi du Oskar Matute legebiltzarkideak.
Matutek salatu du argazki hartan Urkulluk eta EAJko karguak parte hartu izana. “Hala, modu argian babestu zuten FMIko buru den Christine Lagardek helarazi zuen mezua”. Lagarderen asmoa da Espainiak Lan Erreforman sakontzeko urrats gehiago ematea, eta defizita zeharkako zergen bitartez ordainaraztea. “Hain zuzen, zerga horiek dira langileak gehien kolpatzen dituena, ez duelako bereizketarik egiten gehien dutenen eta gutxien dutenen artean”, gaineratu du Matutek. “Horren aurrean, lehendakria saiatu zen, emaitza onik gabe, ustezko Euskadi eredua saltzen. Baina susmoa dugu eredu hori eta Troikaren eredua oso antzekoak direla. Biek ala biek eredu hori jarraitu dute eta horren ondorio dira EAEn ia 2000 langabetu gehiago egotea”.
Horregatik, koalizioak uste du lehendakariak Global Forum Spain-en ateratako ondorioez azalpenak eman beharko lituzkeela. “Urkulluk murrizketetan oinarritutako politiken apologia babestu zuen, berak kontrakoa esaten badu ere. Benetan politika horien aurka egongo balitz, kalean izango genuke manifestazioan eta EHUko Paraninfoan antolatu ziren hitzaldietan, non deshazkundearen beharra aipatu zen”, gaineratu du Matutek. “Eta orain saiatzen dira arreta desbideratzen kaleko istiluez hitz egiteaz tematzen direnean. Izan ere, gailurreko emaitza penagarria da oso, eta agerian geratu da EAJ deseroso dagoela bertatik atera den emaitzaz. “Troikari harrera egin eta herritarrei ezin azaldu dakiokeen argazkia atera zuen EAJk, hain zuzen, lan eta giza eskubideak murrizteko politika sutsuki defendatzen dutenen alboan”, esan du Oskar Matutek.
Urkullu lehendakariak EH Bilduren galderari erantzun beharko dio martxoaren 21ean egingo den kontrolerako osoko bilkuran.