Gipuzkoako Foru Aldundiak bost udal egoitza hartuko ditu bere gain aurten, 18/2008ko legeak ezartzen duen eskumen banaketaren baitan. Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko adineko zentroak izango dira Gizarte Politikako Departamentuak sortuko duen erakunde autonomo berrira pasako diren lehenengo bost udal egoitzak. Hurrengo asteetan udal hauetako ordezkariekin bilerak hasiko dira.
Horrela adierazi du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek Batzar Nagusietan izandako agerraldian. Bertan, Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Planaren bilakaera aurkeztu du, eta “oso positibotzat” jo ditu orain arte emandako aurrerapausoak. Plan hau, 2013ko urtarrilean aurkeztu zitzaien BBNNetako taldeei eta Gipuzkoako udalei. Proposamen honen bidez, Gizarte Zerbitzuen Legeak dakarren eskumen banaketari heldu nahi dio Aldundiak, beti ere eskaintzen den arreta indartuz. “Finean, mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko politikak hobetzeko proiektu partekatu bat da plana, zehazki eta batez ere, mendekotasuna duten pertsonak beren ingurunean jarrai dezaten helburu duten politikak hobetzeko”, azpimarratu du diputatuak.
Plan horren baitan, egutegi bat ezartzen da udal egoitzak eta eguneko zentroak Aldundiari eskualdatzeko, eta Gipuzkoako udalek Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantzazioa progresiboki beren gain hartzeko. Egutegi horren aurreneko pausoak hauek dira: etxeko laguntza zerbitzuari ekarpenak egiten hasiko dira udalak, eta Aldundiak bere gain hartuko ditu Legeak ezartzen dituen eskumenak.
Horien artean, 16 udal egoitzen ardura bere gain hartu behar du Aldundiak, eta, iaz aurkeztutako egutegia jarraituz, aurten Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko adineko zentroak Diputazioaren eskutara pasako dira.
Honetaz gain, orain arte eman diren aurrerapausoak hauek dira:
- Urtarrilaren 1etik Diputazioa hasi da ordaintzen autonomoen kostea adinekoen egoitzetako plazetan. 19 udal onuradun daude eta 900.000 euroko gastua suposatu du Diputazioarentzat.
- Udal egoitzen egoerari buruzko auditoriak egin ditugu.
- Diputazioak etxeko laguntza zerbitzuaren 2014ko tarifak KPIaren arabera eguneratu ditu. 100.000 euro gehiago suposatu dute.
- Aldundiak hitzarmen bat prestatuko du beste 11 udal jakinei euren udal egoitzen defizitaren %15,5 ordaintzeko. 1,1 milioi euro aurreikusi dira horretarako.
- Bi udalekin elkarlanean, Mendekotasun Legearen prestazio ekonomikoen hartzaileei jarraipena egiteko eta kasu bakoitza aztertzeko egitasmo pilotua jarriko dugu martxan, beti ere zerbitzua hobetze aldera.
Beraz, diputatuaren hitzetan, “Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Plangintza aurreikusi bezala betetzen ari da. Pozik gaude eta balantze positiboa egiten dugu, bereziki eskumen berrantolaketa hori, 18/2008 Legearen arabera, 2009an egitekoa zelako, eta Plan honekin hasi arte inork ez duelako urratsik eman bide horretan”.