Aieteko Nazioarteko Adierazpenak eta borroka armatuari amaiera jartzeko ETAk hartutako erabakiak normalizazio politikoa lortzeko eta gatazka zein sortutako ondorioak gainditzeko prozesuari bidea zabaldu zioten. Ordutik hona, esparru ezberdinetatik bultzatu diren ekimen zein konpromisoei esker, eszenatoki berria egonkortu egin da, Euskal herrian bakea, normalizazioa eta demokrazia errealitatea bihurtzeko aukerak ahalbideratuz.
Atzo, gatazka urte luze hauetan erbestearen ondorio latzak ezagutu eta pairatu dituzten pertsonek ekimen esanguratsua aurkeztu zuten. EPPKak hartutako erabakiak babesteaz gain, bat egin zuten ekainan Errefuxiatuen Kolektiboak Miarritzen egindako adierazpenarekin eta iheslarien buelta errazteko lan egiteko prestasuna adierazi zuten. Inolako zalantzarik gabe, urrats eta ekarpen garrantzitsua izan da, gatazka luze eta gogorraren ondorioak gainditzeko bidea elikatzen duena.
Hilabete hauetan aldebakarretasunaren bidetik EPPKtik eta Errefuxiatuen Kolektibotik gauzatzen ari diren urratsek bi eremu horietan Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuarekiko dagoen borondate eta konpromisoa argi adierazten dute. Errealitate ukaezina!
Aste honetan bertan presoek bere unean iragarri zuten ekimenari ere hasiera eman diote, legeak adierazten duenaren arabera, espetxe zigorra Zaballan betetzeko eskaria eginez, eta gatazkan sortutako ondorio zein minetan inplikatuta egon direnen ardurak aztertzeko, egon behar den prozesu bermatu batean modu aktiboan parte hartzeko borondatea adieraziz.
Urrats hauek balore berezia dute, testuinguru honetan estatuek ez dutelako zabaldutako prozesuan bere ardura onartu nahi eta gatazkaren estrategia mantentzen dira, bake bideari oztopoak jartzen etengabe.
Urrats, ekarpen eta konpromiso zehatzen gainean eraikitzen eta bultzatzen ari den prozesu baten aurrean, beti ere Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabal batek sentitzen eta aldarrikatzen duenari erantzuten, PP eta PSOE elkarlanean ari dira ukazio eta eskubideen bortxaketaren estrategian, helburu argi batekin: eszenatoki berria zapuztea. EH Bildutik azpimarratu nahi dugu bi alderdi hauek hartu duten ardura larria, sufrimendua, mina eta eskubideen bortxaketa mantentzea erabaki baitute.
Estatuaren inboluzioak, PPk eta PSOEk babesten duen blokeo eta mendekuaren estrategiak, isla argia du sakabanaketa eta espetxeetako salbuespen politika mantentzeko erabakian. Horrekin Madrilek argi eta garbi adierazten du ez duela inolako borondaterik gatazkaren konpontzeko eta ondorioak gainditzeko duen borondate eza.
Testuinguru honetan, sakabanaketarekin amaitzea, presoak Euskal Herrira ekartzea, salbuespen politikei amaiera jartzea, beharrezkoa eta oinarrizkoa da. Aitzakiarik gabe, baldintzarik gabe, kontra-prestaziorik gabe. Euskal gizartearen gehiengo zabal batek babesten eta eskatzen du aldarrikapena, eta lehen mailako helburua izan behar da eszenatoki berria egonkortzeko. Arrazoi bakarra dago hori gerta ez dadin: mendeku eta salbuespen politika bera, baldintza arbitrarioak ezartzea presoen euskalerriratzea oztopatzeko.
Bestalde, kezka handiz ikusten dugu PNV hartzen ari den bidea. Ez da onargarria PNVk, bere egunean sakabanaketa babestu zuela, orain politika horrekin amaitzeko baldintzak jarri nahi izatea, eta aurrerapausoak emateko prestasuna eta borondatea demostratu dutenen aurka jotzen duen bitartean Madrilgo estrategiari babesa ematen dio. Ez da zilegi onartzea eskubideen bortxaketa ahalbideratzea eta preso zein senideen mina iraunkortzen uztea. Bizi dugun egoeran PNVk aukera garbia egin behar du: euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bidetik joatea, edo entzungorrarena egitea. Zoritxarrez, badirudi bigarren bidea aukeratu duela, eta estatuaren estrategiaren parte izatea erabaki du.
Gauzak horrela, Euskal Herriko instituzioek, Gasteiz eta Iruñako Gobernuek, gizarteak eskatzen duenari erantzun behar dute, bake eta normalizazio politikorako prozesuaren protagonista eta onuradun nagusia izan behar baita. Beraz aipatutako instituzioek, zein eragile politiko eta sozialek, gatazkaren konponbidea eta ondorioak gainditzeko prozesua bermatu eta bultzatu behar dute.
Amaitzeko, eta orain arte adierazi eta burutu dugun bezala, EH Bildutik norabide horretan esparru ezberdinetan elkarlana eta akordioak gauzatzeko gure konpromiso irmoa berretsi nahi diogu gizarteari, bakea, normalizazioa eta demokrazia Euskal Herrira ekartzeko gure esku dagoen guztia egiteko borondatea adieraziz.