Gipuzkoako 41 elkartetako ehun emakumetik gora izan dira Gunea Gipuzkoako Berdintasunerako lehen Foru Kontseilua sortzeko prozesuan parte hartu dutenak. Emakumeen parte-hartze soziopolitikorako eta Diputazioarekin elkarrizketa zuzena izateko sortu da Gunea. Orain arte, babes instituzionalik izan ez duen mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa da.
Kontseiluaren sortze dekretua Diputatuen Kontseiluak onartuko du bihar eta gaur aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek, Berdintasunerako foru zuzendari Laura Gómezek eta Gunean parte hartu duten bi emakumek, Hazar Smadi eta Katia Reimberg-ek, Safar eta Bidez Bide elkartekoek, hurrenez hurren.
Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez, azken urtean parte-hartze prozesu bat egin da zortzi eskualdetan bilerak eginez eta, bertan, Lurralde osoko emakumeek parte hartu dute Kontseilua definitzeko, izena zehaztetik Gunea-, helburuak finkatzera bitarte. Prozesu honetan elkarte mota ugarik parte hartu dute: feministak, musulmanak, alargunak, etxeko langileak, etorkin latinoamerikarrak…
Guztiek definitu dute Gunea “berdintasunerako parte-hartze eta elkarrizketa toki gisa, mugimendu feminista eta emakumeen elkarteek foru politiketan ahotsa izan dezaten”. Foro honek bere funtzioen artean du, gainera, berdintasun politikak bultzatzea, Aldundiko politiketan ikuspegi feminista txertatzen dela bermatzeko foru arduradunek elkarrizketa zuzena zehaztea, emakumeen enpoderatzea sustatzea, elkarteen arteko sare eta koordinazioa indartzea eta gure Lurraldeko edozein indarkeria matxista modu salatzea.
Berdintasun zuzendariak Guneako kideak zoriondu ditu gune hau sortzeagatik eta azpimarratu duenez, “honela, Gipuzkoan mugimendu feministak zuen aldarrikapen historiko bat bete da, izan ere, orain arte, erakundeek beti bizkar eman diote eskaera honi”. Gómezek gaineratu du Gunea datorren larunbatean, hilaren 22an, aurkeztuko dela publikoki, Donostiako Bulebarrean 12.00etatik aurrera egingo den festa giroko ekitaldi batean.