Alternatibaren ordezkari Diana Urreak, “guztiz onartezintzat” jo du Irungo alkate Jose Antonio Santanok kargu publiko gisa hartutako aldebakarreko erabakia, udalerriko III. Berdintasun Planaren zirriborrotik Alardearen ospakizunarekin urtero errepikatzen den egoera diskriminatzailea kendu duelako, mugimendu feministek, berdintasun teknikariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berak salatu duten bezala. Horregatik, ohartarazi dio “Berdintasun Legea modu larrian urratzen” ari dela.
Alderdi ezkertiarretik adierazi dute Bidasoa eskualdeko Alardeen egoera udalerrietako berdintasun planetan sartzea oinarrizkoa dela: “gizartearen talde adierazgarri bat matxista izatea, Berdintasunari dagokio; bere herriko jaietan modu baketsuan desfilatu nahi duten emakumeen kontrako hitzezko indarkeria edo indarkeria fisikoa eragitea, Berdintasunari dagokio; bizitzaren esparru guztietan emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa zaindu eta sustatu behar duten instituzioek jokaera sexistak praktikan jartzea eta zigorgabe mantentzea, Berdintasunarekin erabat lotuta dago”.
Zentzu horretan, Urreak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gai soziala dela gogoratu du, batez ere, desberdintasun hori gizarte patriarkal batean oinarritzen delako eta “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera, EAEko botere publiko guztiak behartuta daudelako sistema patriarkal honen ondorio guztiei aurre egitera”. Horregatik, “Irungo alkateak bizitzaren arlo eta espazio guztietan, herriko jaietan barne, berdintasun efektiboa lortzea eragozten duten oztopo guztiak desagerrarazi beharko lituzkeela” azaldu du.
Bestaldetik, “desfilatzen duten emakumeak iraintzea, ezkutatu nahi izatea eta zilegitasuna kentzea ahalbidetzen duen kultura sustatzea emakumeen kontrako indarkeria modu sinbolikobatean sustatzearen berdina da”. Horrela, Santanok Eudeli balioa kentzen diola ulertzen du, aste honetako bezalako erailketa matxistak ekiditeko berdintasunaren alde lanean ari dela baieztatzen duenean, bere presidenteorde Santanok bitartean “kultura matxista zabaltzen duenean, emakumeen kontrako indarkeriaren sustraia dena”.
Bukatzeko, Urreak PSEri eskatu dio bere alderdiko Santanori aipatutako 4/2005 Legea betetzeko exijitu diezaiola, PNVri ere helarazi dion eskaera, jeltzalea baita Hondarribiko alkate Aitor Kerejeta, Eudeleko zuzendaritzako kidea ere, eta modu berean urratzen du bere herriko emakumeek alardean parte hartzeko duten eskubidea. Tamalez, amaitu du, “legeak emakumeon eskubideekin zerikusia dutenean inork ez du ezer egiten betearaztearren, bigarren mailako legeak iruditzeraino. Izango da alkate batzuek, oraindik ere, uste dutelako emakumeak bigarren mailako pertsonak direla”.