Atzo, Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako egunean, eta gaurkoan, milaka lagun faxismoaren aurka kalera aterako direnean, gogorarazi beharko genuke kapitalak ez duela bere mugimendua oztopatzen duen ez legerik ezta mugarik. Bitartean, pertsonen kontra legediak eta hesiak altxatzen ditugu, jendearen azala zein duintasuna hausteko gai direnak. 500 etorkinek Melilla “eraso” egin zutela kontatu ziguten egun berean, egunkarietako azaletan irakur zitekeen gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko aldea, aberatsenen eta pobreen artekoa alegia, gero eta handiagoa dela Espainiako Erresuman.
Jakin badakigu zeintzuk diren Europako herritarrak pobretu izanaren arduradunak. Badakigu lapurretan, eskubideak urratzen, pribatizazioak sustatzen eta prekarietatea zabaltzen zeintzuk aritzen diren. Eta badakigu mugarik gabeko aurkari horren aurka, duela gutxi Bilbon austerizidioa aldarrikatzen ibilitakoa baina bihar-etzi Bruselan edo Frankfurten egongo dena, borroka eta duintasuna gelditzen zaigula. Horixe da Madrilgo kaleak gaur beteko dituzten dozenaka milaka lagunek darabilten aldarria, errudunak seinalatu, izen-abizenak ez ezik, marka eta tituluak dituztenak.
Euskal Herritik ere, ehunka lagun atera dira beste herrietako zutabeekin bat egitera, haien aurkari berdinak ditugulako, eta horregatik Internazionalismotik eta sistemaren aurrean makurtzen ez garenon elkarlanarengatik, Alternatibatik duintasunaren martxak babesten ditugu, gaur, erregimenaren hedabideek isilarazi arren, Erresumako hiriburua zeharkatzen ari direnak.
Gure bizitza haien kapitalaren aurrean, duintasuna ankerkeriaren aurrean.