Bizkaiko Alternatibaren bozeramaile Asier Vegak lurraldeko udalerri desberdinetan ireki daitezkeen Mercadona kateko saltokien inguruko informazio eta adierazpenen harira hitz egin du, “ongi etorria beroa ematen diote gure merkataritzari inolako mesederik egiten ez dionean, guztiz kontrakoa baizik: saltoki handiek gure herriak eta auzoak basamortu bihurtzen dituzte, saltoki txikietan lanpostuak suntsitu eta nekazalgoa pobretzen duen kultura industrializatuaren eredua defendatzen dute, maila lokalean zein nazioartean”.
Alderdi ezkertiarreko ordezkariak, merkatal gune erraldoien ugaltzeak Euskal Herriko eskualde desberdinetan eragindako inpaktua gogoratu du, Baionatik Iparraldean, “bizitza eta merkataritzarik gabeko kaleak izan ziren ondorioa”, Ezkerraldeko udalerriek sufritutako inpakturaino, non biztanle bakoitzarekiko eraikitako merkatal gune metro koadro tasa oso handia den. “Gune hauek aberastasuna eta lanpostuak ekarriko dituztenaren promesa egia balitz, hamarkada ugariz horrelako saltoki handiak sustatu ostean, Ezkerraldea ez litzateke oraindik EAEn langabezi handiena duen eskualdea izango”.
Alternatibatik gaitzetsi egin dute alkateen arduragabekeria hori, banaketa kate handi hauen promesak inolako lotsarik gabe zabaltzen dituztelako “berez, agerian geratzen diren gezurrak dira hauek, Mercadonak salduko dituen produktuak behar-beharrezkoak direlako, elikagaiak batez ere, eta hauek noski, dagoeneko erosi egiten dira. Saltoki txikiei bezeroak kenduko dizkiela baino ezin da ziurtatu, merkatal guneetako lanpostu bakoitzeko 5 langile baititu merkataritza mota honek eta, ziurrenik, lan baldintza duinagoekin”.
Vegak, azkenik, Mercadonaren izaera azpimarratu du, “nekazari txikien lepotik, prezioak kontrolatzea onarri duen eredu produktiboaren onuradun eta konplize da, elikadura burujabetzaren kontra doan ereduarena”. Jokabide honek Greenpeace erakundeak argitaratutako enpresa kaltegarrien zerrendan azaltzera eraman du, “lan baldintza prekarioak, ingurumenaren aurkako erasoak, nahita desinformatzea eta ardura sozial korporatiboari dagozkion bestelakoak” epaitzen dituen zerrenda, hain zuzen ere.