Emancipatiba, Alternatibaren formazio politikorako eta eztabaidarako eskolak jardunaldia antolatu du bihar osteguna, apirilak 3, burujabetza ekonomikoaren inguruan eta, bereziki, euroa lagatzearen aukeraren inguruko hausnarketa plazaratuko duena, batzuen ustez krisia gainditzeko aukera bakarra da zenbait herrietan. Alberto Montero Soler Malagako unibertsitateko irakasleak eskainiko du hitzaldia, ondoren, eztabaida zuzentzeko. Jarduera irekia da, eta Bilboko Arrupe Etxeko auditorioan arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da, Padre Lojendio kaleko 2.ean.
Argi dago Europako proiektua ez dela sekula izan Europako herrientzako eta herritarrentzat egindako proiektua. Europan, euroak oinarrizko papera bete du kapitala pilatzearen zerbitzura jarritako egitura indartzerako orduan. Aldi berean, inoiz baino gehiago pil-pilean dago burujabetza nazionala aldarrikatzeko prozesu berriak eraikitzearen eztabaida, baina baita kapitalaren Europak eragin dituen bidegabekeriekin bukatzeko eztabaida ere.
Zein da Europako moneta bakarrak izan duen papera Europako zentroko herrialdeen kapital pilaketaren proiektuan? Zein da betetzen duen papera gure ekonomiaren ezaugarri zehatzetan eta batez ere, eraiki nahi dugun horretan? Euroa lagatzea kontutan izatea beharrezkoa al da prozesu eratzaile berrien proposamenetan ere?
Emancipatiba Alternatibaren formakuntza politikorako eskola da. Hasieratik, sozialismo multidimentsionalean aurrera egiteko asmoa duen erakundetzat agertu du bere burua Alternatibak, hau da, emantzipazioaren eta menpekotasun sistema desberdinak gainditzearen aldeko borroketan ari diren subjektu desberdinak bilduko dituen agenda politikoaren aldeko apustua egitea. Hortaz, formazioa oinarrizko elementua da eta Emancipatiba da, hain zuzen ere, demokrazia militante eredu hori sustatzeko beharrezkoak diren lanabesak eskaintzeko sortutako espazioa, agenda multidimentsional horretan aurrera egiteko helburua ere duena.