Jakina da Europa osoan faxismoa eta arrazakeria gora doala, Euskal Herrian ere bai, eta errealitate horri ezin diogu bizkarra eman. Gero eta adierazpen faxista gehiagorekin topo egiten dugu; kartelak, pintadak eta erasoak ere ikusten ditugu gure herri eta hirietan. Inoiz gehiago ez! plataformatik adierazpen faxista horien aurka borrokatzeko konpromisoa dugu.
Azken eraso faxista SOS Arrazakeriaren Gasteizko egoitzaren kontra gertatu da aste honetan. Duela aste batzuk Madrilen egin bezala, SOS Arrazakeria muturreko eskuinaren totalitarismoaren helburua izan da. Ez baitu onartzen bazterkeriaren aurkako, eta berdintasuna zein giza eskubideen aldeko lana.
Arabako faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako Inoiz gehiago ez! Plataformatik eraso faxista eta arrazista hau irmotasunez gaitzesten dugu, eta instituzio politiko zein polizialei exijitzen diegu erasotzaileak aurkitu ditzatela. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu SOS Arrazakeriari bere Gasteizko egoitzaren kontra pairatutako erasoarengatik. Izan ere, Euskal Herriko gizartea ez dago faxisten gorrotoa eta zentzugabekeria gure kaleetan ikusteko prest, inoiz gehiago ez.
Inoiz gehiago ez!
Alternatiba plataformako kide sortzaileetariko bat da