Diputatuen Kontseiluak erabaki du Gipuzkoako egoitzetara eta eguneko zentroetara bideratzen duen tarifa 1.157.000 euroan handitzea. Zenbateko horren zatirik handiena langileen soldata igoera ordaintzeko izango da. Orobat, Foru Gobernuak erabaki du Irungo Bidasoa egoitzan adinekoentzako 15 plaza berri zabaltzea, 308.972 euro bideratuko ditu horretara.
Horrela azaldu du Larraitz Ugarte foru bozeramaileak Diputatuen Kontseiluaren bileraren ondoren. Hain zuzen, Diputatuen Kontseilua Eibarko Egogain zentro gerontologikoan izan da. Foru diputatuek bertan egin dute asteko bilera, eta, ondoren, azken urte hauetan foru egoitza horretan egiten ari diren zabaltze eta eraberritze lanak bisitatu dituzte. Bertan, 300.000 euro inbertitu dira. Zehazki, Adimeneko Nahasmendu Larriko Egoitza Unitatea –13 pertsonentzat- eta Psikogeriatriako modulua –13 pertsonentzat– ikusi dituzte, baita berriki berritua eta 32 plazatan handitua izan den Eguneko Zentroa ere.
Ugartek azaldu duenez, Diputatuen Kontseiluak erabaki du Aldundiak egoitzei eta eguneko zentroei urtero ematen dien tarifa 1.157.000 euroan handitzea. Zenbateko horren zati txiki bat ostatu eta elikatze kostuen igoera ordaintzera bideratuko da, eta % 70 egoitzetako langileen soldata igotzera, lan hitzarmenean ezarritakoa betetze aldera.
Horrela, hitza bete du Aldundiak, iaz sindikatuak eta erakunde kudeatzaileak aurrez aurre jarri zituen greban zehar egin zuen bitartekaritza lanean hartutako hitza, hain zuzen. Sektorean 4.200 pertsona ari dira lanean, eta horietatik % 97 emakumezkoak dira.
Bestalde, foru bozeramaileak azaldu du Irunen adinekoentzako egoitza-plaza berriak zabaltzekoak direla. Zehazki, Diputatuen Kontseiluak erabaki du 308.972 euro bideratzea Bidasoa egoitzan 15 plaza gehiago hitzartzeko. Eskualde horrek Gipuzkoako itxaron zerrendarik luzeenetako bat zuen legealdi hasieran. Zehazki, zain zeudenak % 44 ziren zabalik zeuden plazekiko. Hondarribian egoitza berri bat zabalduta, eta 15 plaza berri hauek hitzartuta, ehuneko hori % 12ra murriztuko da, eta hori “itxaron zerrenda tekniko”tzat (%10) jo daiteke ia.