EH Bilduk Aldundiaren “utzikeria” salatu du Mendexako Karraspio hondartzaren ondoan gertatu den legez kanpoko zuhaitz mozketaren aurrean neurririk ez hartzeagatik. Kantaurialdeko artadi bat suntsituta gelditu da Karraspio hondartzako inguruan, 2001 urteaz geroztik mozketa esanguratsuak hasi zirenetik. Kantaurialdeko artea espezie babestua den arren, Bizkaiko Aldundiak “beste aldera begiratzea” leporatu dio EH Bilduk Irene Pardo Nekazaritza departamenduko diputatuari.
Pardok adierazi duenez, Nekazaritza sailak aurtengo urtarrilean jaso du zuhaitz mozketaren berri, SOS Karraspio plataformaren idatzi baten bitartez. EH Bilduk argitu duenez, ordea, Aldundiak aurretik izan du artadiaren berri. Koalizioak gogorarazi du Bizkaiko Aldundiak Mendexako inguru horretan egin asmo dituen aparkalekuaren eta luxuzko etxebizitzen proiektuari lotuta, ingurugiro eraginari buruzko behin behineko txostena idatzi zuenean, bertako artadiaren existentzia jasotzen du eta hura babesteko nahiz berreskuratzeko neurri zuzentzaileak zehazteko beharra. Txostena 2012an osatu zen arren, azken bi urteotan artadia suntsitzen jarraitu da, ia osorik ezabatu arte.
“2012an Aldundiak bazuen babestutako artadiaren berri baina Nekazaritza eta Ingurumen departamenduek ez zuten artadia babesteko inolako neurririk hartu. Gainera, ez duzue ardurarik onartu nahi” zuzendu zaio Asier Vega Alternatibako kide eta EH Bilduko batzarkidea Irene Pardo diputatuari. Horrez gain, koalizioak abereen presentzia salatu du baita ere, artadia berreskuratzea guztiz eragozten baitu.
Vegak adierazi duenez, artadiaren suntsitzea 2001ean hasi zen modu nabarmenean, hain zuzen, inguru horretarako aparkalekua eta luxuzko etxebizitza proiektua aurkeztu zen urte berean. EH Bilduk adierazi du Bizkaiko Aldundiak “utzikeria” adierazi duela bere ardura eta betebeharrekiko, babestuta dagoen kantaurialdeko artadia suntsitu zedin utzi duelako, zuhaitz mozketa horien berri izan arren.