Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planaren baitan dagoen Lehen Aukera programak “euskal gazteriarentzat enplegu aukera duinak sortu beharrean, baldintza prekarioak dituzten bekak ezartzen dituela” salatu dute gaur elkarte, sindikatu eta gizarte mugimendu ezberdinetako gazteek Gasteizen eskaini duten prentsaurrekoan. Bertan izan da Alternatibako koordinakunde nazionaleko kide Cristina Bereciartua.
Lehen Aukera: ez lehena, ez aukera lelopean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren baitan biltzen diren Enplegu eta Hezkuntza foroetako gazteek manifestu bat plazaratu dute, Jaurlaritzak abiatutako programaren gainean egin duten irakurketa kritikoa ezagutarazteko. Zehazki, Lehen Aukera programak hiru hilabeteko beka eskaintzen du, hilean 500 euroren truke jardunaldi osoan. Kontseiluko presidenteorde Xabier Lasak azaldu duenez, “Jaurlaritzak lehenengo enplegu esperientzia bat eskaintzeko promesa egin zuen, baina errealitatea bestelakoa da: kontraturik gabeko beka ez laboralak eskaintzen dizkigute, gutxieneko soldata baino txikiagoa den ordainsari baten truke eta, gainera, enpresentzat dohainik, Hezkuntza Saileko aurrekontuen lepotik”.
Hainbat dira, gazte-talde hauen arabera, gazteriaren prekarietate egoera okertzen duten programaren ezaugarriak. Zehazki, parte hartzen dutenek “lan kontraturik ez dutela” salatu dute, horrek “bere lan eskubideak kaltetzen” dituelako hainbat mailatan: “Lehen Aukera programarekin, ez dugu ondoren langabezia kobratzeko eskubiderik eskuratzen, ez dugu ordaindutako oporrik, ez dugu enpresan ordezkaritza sindikala izateko eskubiderik, egiten duguna ez da lan-bizitzaren txostenean enplegu gisa kontuan hartzen, ez dugu enpresan antzinatasuna lortzen etorkizuneko balizko kontratazioei begira eta ez dugu lan-zuzenbidearen babesik”. Argitu dutenez, gainera, gazteek ez dutenez lan kontraturik, behin hiru hilabeteko beka-epea bukatuta enpresariak berriro beste figura bereziren bat bat eskaini ahal die enpresan jarraitzeko, esaterako praktikak berriro egitea ala ekintzaileentzako kontratua; hortaz, ezerk ez du ziurtatzen programa honek lanpostuak sortuko dituenik”.
ORDUA 3 EUROTAN
Beka hauen ordainsaria hilean 500 eurokoa da jardunaldi osoan, edo, gazteen hitzetan, “lanordua 3 eurotan” ordaintzen diete, “gutxieneko soldatatik behera eta pobreziaren mugatik behera ere”, azken hau pertsonako 646 eurotan ezarri baitu Eustat Euskal Estatistika Erakundeak. Gainera, Gazteriaren Kontseiluko Enplegu Foroko Estíbaliz Monterok nabarmendu duenez, “enpresek dohainik lortzen dituzte bekadunak, ondoren pertsona horiek kontratatzeko edo gutxienez diru publikoaren bidez lortu dituzten onuren zati bat gizarteari itzultzeko edonolako betebeharrik gabe”. Horrez gain, aipatu duen bezala, “enpresariak ez du zertan frogatu behar bekadun horrekin ez duela lanposturik ordezkatzen eta hortaz enplegua suntsitzen ari”.
Manifestuaren sinatzaileek zehaztu dute ere beka hauek titulatuak dauden gazteentzat direla, eta bekadun horiek kasu gehienetan dagoeneko aurretik praktikak egin behar izan dituztela bere ikasketetan zehar. Horrek esan nahi du “programa honek ez diela lehenengo esperientzia bat eskaintzen, bigarren edo hirugarren bat baizik”, EGK-ko Enplegu eta Hezkuntza foroetako Gorka Maiztegik zehaztu duenez. Bere hitzetan, bestalde, “bere ikasketetan zehar enpresa batean praktikak egin dituen gazteak ondoren enpresa horretan bertan Lehen Aukera bekarekin praktikak berriro egitea sustatzen du deialdiak, eta modu horretan bekak bata bestearen atzetik kateatzen dira, enpresariak gazte horri lan kontratua egin diezaion sustatu beharrean”. Hori guztia, “Hezkuntza Sailaren aurrekontuen lepotik, Lanbideren diruaren bitartez egin beharrean”.
PROPOSAMENAK
Programak ezartzen dituen baldintzen aurrean, manifestuaren sinatzaileek hainbat neurri proposatu dituzte Lehen Aukerak enplegu duina sustatu dezan eta gazteen lan eskubideak bermatu ditzan: beka ez laboralen ordez, lan kontratuak sinatzearen alde apustu egitea (praktika kontratuak ala bestelakoak); praktika kontratuen epea hiru hilabetetik harago luzatzea, Europar Batasunak gomendatzen duen bezala; hitzarmen kolektiboekin eta lan orduekin bat datozen ordainsariak ezartzea eta enpresei egonkortasun klausulak exigitzea, behin diruz lagundutako epea bukatuta, gazte horiek gutxieneko epe baterako kontratatzeko konpromisoa har dezaten.
Era berean, enpresa-batzordeari eta bitarteko sindikalei gazte horien lanaren berri emateko betebeharra ezartzea proposatzen dute, bai eta programan parte hartzen duten gazteen jarraipen bategitea, bere lanaratzea eta enpleabilitatea aztertu ahal izateko. Azkenik, neurri hauek guztiak Lanbideren bitartez egitea eskatzen dute, Euskadin bizi diren gazte guztiek baldintza berdinetan izan dezaten programan parte hartzeko aukera, edozein dela ere bere ikasketa-zentroa.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Enplegu eta Hezkuntza foroak honako eragileek osatzen dituzte: Comisiones Obreras Gazteak, Ecuador Etxea, Ezker Anitza Gazteak, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, Iratzarri, Junior Enpresen Euskal Federazioa, Juventudes Socialistas de Euskadi eta Kale Dor Kayiko, bai eta norbanako gazteek ere.
Egunotan, manifestuari atxikimenduak biltzen ari dira eta, oraingoz, hamar egunetan 14 kolektiboren babesa jaso dute: Alternatiba Gazteak, Comisiones Obreras Irakaskuntza, Consell Nacional dela Joventut de Catalunya, EHNE, ELA Gazteak, Elkartzen, ESK, Gazte Abertzaleak, Gazte Kanpusa, Gazte Komunistak, Juventudes Obreras Cristianas (JOC), UGT Euskadi, LAB eta Lilith-Euskadiko Emakume Gazteak. Gazteriaren Kontseiluko atarian sinatu daiteke manifestua, www.egk.org helbidean.
EGK
http://www.egk.org/actualidad/475/LehenAukera1.jpg
http://www.egk.org/actualidad/475/LehenAukera7.jpg
http://www.egk.org/actualidad/475/LehenAukera3.jpg
http://www.egk.org/actualidad/475/LehenAukera5.jpg