Hurrengo apirilaren 20an Aberri Eguna ospatuko du Euskal Herriko ezker subiranistak, Euskal Herria burujabea aldarrikatzeko eguna baita. Aurten, inoiz baino gehiago, Eskoziako eta Kataluniako herritarren begietan islatutako gogo eta ilusioarekin ospatuko dugu, haiekin partekatzen dugulako erabakitzeko eskubidea eta askatasuna. Eskozia eta Kataluniako herriek bide hori egiten hasi dira, eta gurean ere, gizarte zibila gidari, abian jarri gara.
Euskal Herria herri burujabea izan nahi du. Ez jabez aldatzeko, dominaziorik gabe bizitzeko baizik. Gure herriak bide horretatik aurrera egin nahi du; Euskal Herriaren bake prozesuaren eta normalizazio politikoaren gurpiletan, behin eta berriro oztopoak ipintzen dituzten estatu totalitarioen dominazio eta errepresiorik gabeko bidean alegia. Frantziako eta Espainiako gobernuek gu isilarazteko eta zapaltzeko asmoa badute ere, gure herriak nora doan eta norekin joan nahi duen erabakitzeko ahotsa exijitzen du.
Herri honetako ezkerraren helburua pertsona aske eta burujabeak osatutako nazio librea eraikitzea izan behar da. Eta honek bandera batetik bestera igarotzea baino askoz gehiago esan nahi du; erresistentziarako harresiak altxatzea esan nahi du, erakunde ilun eta antimodekratikoek inposatutako erabakien aurrean babesteko, Euskal Herriko langile klaseen duintasuna eta eskubideak zapaltzen dituztelako. Borrokak aktibatzea dakar, elkartasunerako, feminismorako, ekologiarako, internazionalismorako eta demokraziarako borrokak aktibatzea, eta Alternatibatik babesten dugu herritarrei hitza eman behar diegula, guzti hori Euskal Herri askea eta sozialista batetik egiteko.
Horregatik, asteburuan Aberri Egunaren harira egingo diren ekitaldi desberdinetan parte hartuko dugu eta horietan parte hartzera dei egiten dugu. Lehenengo eta behin, larunbatean Larresoron (Lapurdin) egongo gara, “Euskal Herrian erabaki, Zazpiak bat” lemapean AB, Aralar, EA eta Sorturekin batera arratsaldeko bostetan antolatu dugun ekitaldian. Han izango dira, besteak beste, Josu Estarrona Alternatibaren Arabako koordinatzailea eta Aitor Miguel Quintana Koordinakunde Nazionaleko kidea. Horrez gain, igandean Iruñean izango gara, Diana Urrea legebiltzarkidearen eta Asier Vega Bizkaiko batzarkidearen eskutik, Independentistak sareak deitutako manifestazioan.