Eusko Jaurlaritzaren osasun baldintzak betetzeko 76.000 euroko inbertsioa egin behar du hiltegiak eta Karrantzako Udalak ezin dio gastuari bere kabuz aurre egin. EH Bilduren ustez hiltegia mantentzea ezinbestekoa da, Karrantzako abeltzantzarentzat oinarrizko funtzioa betetzen duela iritzita. Udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren elkarlana eskatu ditu eta EH Bilduk ere hala egingo du Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Karrantza Harana da Bizkaian abere buru gehien dituen eskualdea. Era berean, lehen sektorean lanpostu gehien mantentzen dituen zonaldea da, bai abeltzaintza jardueran, baita eraldatze industrian ere. Beraz, EH Bilduren esanetan, lehentasunezkoa da ekonomia jarduera horien garapena eta sustatzea eta horretarako ezinbesteko jotzen du erakunde desberdinen elkarlana eta inplikazioa.
Karrantza Haranean kokatzen da egun Bizkaian martxan dagoen abere hiltegi bakarra eta hiltegia desagartzeko arriskuan dago. EH Bilduk azpimarratu duenez, azpiegiturak berebiziko garrantzia du eskualdeko jarduera ekonomikoan betetzen duen funtzioarengatik. Karrantzako hiltegiak abereen hilketa eta zatitzea ahalbidetzen du haranean bertan.
Txutxi Zamorano Karrantzako EH Bilduko udal taldeko kideak adierazi duenez, “hiltegia itxiko balitz, arriskuan jarriko lituzke abeltzainen jarduera eta ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa. Karrantzako hiltegia itxiko balitz, haraneko abeltzainek Karrantzatik kanpo hil beharko lituzkete abereak eta beraz, produkzioaren kostua garestitu egingo litzateke abeltzainen kaltetan”.
Karrantzako hiltegiak inbertsioa behar du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko departamentuak eskatzen dizkion baldintzak bete ahal izateko baina Karrantzako Udalak ezin dio derrigorrezko inbertsio horri bere kabuz aurre egin. Osasun baldintzak betetzeko egin behar diren hobekuntza lanek 76.000 euroko inbertsioa eskatzen dute eta epeak laburrak dira: lanak aurtengo urria amaitu baino lehen egon behar dute burututa.
Karrantzako udalbatzak laguntza eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari hobekuntza lanak egin ahal izateko. Eskakizuna udal osoko bilkuran onartu zen apirilaren 15ean. Osoko bilkura horretan, ordea, EAJk aurka bozkatu zuen. Zamoranoren hitzetan “guztiz ulertezina” da alderdi jeltzalearen erabakia. “Azpimarratu nahi dugu Karrantzako hiltegiak haraneko harakin, abeltzain eta norbanakoentzat oinarrizko zerbitzua eskaintzen duela. Beraz, ez dugu ulertzen EAJk egun Bizkaian martxan dagoen hiltegi bakarra defendatzeari ezetz esan izana”.
Era berean, duela urte betera arte EAJ udal gobernuan egon den arren, konponbiderik ez bilatu izana leporatu dio EH Bilduk EAJri. “Zergatik pasa da hiltegia eskualdekoa izatetik lokala izatera? Zein interes defenditzen dituzte erabaki horiek, publikoak ala pribatuak?” gaineratu du.
Horrez gain, EAJk eskualdean beste hiltegi bat bultzatzeko interesa duela uste du EH Bilduk, Karrantza hiltegirik gabe utzita. Hiltegi pribatua sustatu nahi ote den kezkatuta agertu da koalizioa. Horregatik, Irene Pardo Nekazaritza diputatuaren batzorderatze eskaria erregistratu du Batzar Nagusietan. “Bizkaiko Aldundia Karrantzatik kanpo abere hilketarako beste azpiegituraren bat sustatzen ari ote den argitzeko eskatuko diogu” azaldu du Asier Vega batzarkide eta Alternatibako kideak.
Bestalde, proposamena erregistratu du koalizioak, bai Batzar Nagusietan baita Gasteizko Legebiltzarrean ere, erakundeen konpromisoa eskatuz. Karrantzako udalbatzak onartu zuenaren ildotik, EH Bilduk hiltegiaren etorkizuna ziurtatzeko beharrezko neurriak hartu ditzatela eskatuko die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.
Euskal Herria Bilduko ordezkariek adierazi dute Karrantzan eskualde mailako hiltegia egotea defendatzen dutela, Karrantzatik irteten baitira Bizkaian hiltzen diren abere gehien. Azpiegitura tokiz aldatzeak produkzio kostuen garestitzea ekarriko du ezinbestean, koalizioaren ustez eta haraneko abeltzainentzako, jardueraren bideragarritasuna arriskuan jarriko luke. Iñaki Lazarobaster legebiltzarkideak berriz, azpimarratu du Bizkaian martxan dagoen hiltegi bakarrari eustea oso garrantzitsua dela elikadura subiranotasunaren ikuspegitik.