Maiatzaren lehenaren bezperan, Alternatibatik egun honetarako Euskal Herriko eragile sindikalek deitutako mobilizazioekin, zein pertsonen duintasunaren eta herri-klaseen eskubideen kontrako erasoei aurre egiten dieten bestelako borrokekin bat egitera deitu nahi ditugu herritarrak. Batzuek ‘krisi’ hitza erabiltzen badute ere, ezkerretik bere benetako izena erabiltzen dute; lapurreta. Maula edo lapurreta hau urtetan eta urtetan sufritu ostean, eguneko egoerak errudun zehatzak dituela argi izan behar dugu.
Troika bezalako instituzio opako eta antidemokratikoen austeritate planak aplikatzen dituztenak dira errudunak. Inork ez ditu hautatu, baina halere gobernatzen gaituzte PNV, PSOE, PP eta UPN alderdiak erregimenaren helburuen txotxongilo direlako. Patronalaren lobbiak dira formakuntzarik gabeko gazteen gutxieneko soldata jaisteko ideiak botatzen dituztenak, beti ere, haien irabazi zikinen maila mantentzeko. Baina azken batean, alderdi politikoak dira haien jokabide morroiekin, lege-dekretu eta lan-erreformen bitartez murrizketa hauek aplikatzen dituztenak.
Aldi berean, modu sendo batean subiranotasuna aldarrikatzeko eguna ere bada, aukeratzeko beharrik gabe eta herritarrek aurrea hartzen dietela ikusten dutenean batzuek proposatzen dituzten plan xelebrerik gabe. Guztia aldatzeko subiranotasun osoa nahi dugu. Lan harreman eredu propioaren alde, eta baita ere, pertsonen eskubideak eta bizitza duinaren sostengarritasuna defendatzea ahalbidetzen dizkiguten erremintak kudeatzearen alde apustu egiten dugu, horrela, gutxi batzuen pribilegioen aurrean gehiengoen eskubideak bermatzeko.
Guztiz tamalgarria da pobrezia hazten den bitartean, baita ere Euskal Herrian, eta eskualde askok %20ko langabezi tasa sufritzen duten bitartean, Urkullu bezalako pertsonaiak susperraldiaz aritzea, berrasmatutako ‘kimu berde’ horiek ustel daudela aspaldi egiaztatu denean. Lehendakariak ere ez ikusiarena egin nahi du, autonomi erkidegoko gazteen herena baino gehiago lanik eta etorkizunerako itxaropenik gabe bizi denean.
Jeltzaleek, hemen estatuko beste inon baino hobeto bizi garela baieztatzen dute. Baina gezurretan ari dira. Gezurretan ari dira, agerizkoa dena ukatzen dutenean; bere garaian San Mameseko obretan parte hartzen zuten instituzio guztietan lanean ari direnen lan baldintza sasi-esklaboak salatu genituenean gertatu zen bezalaxe. Eta oraindik ere gezurretan ari direla baieztatzen dugu, sindikatuek duela egun batzuk argitaratutako datuak aztertzen baditugu, Bizkaiko obra publikoetan lan orduaren ordaina bakarrik 3 eurotakoa dela salatzen duena. Egoera honek, lanegun bukaezinak onartzera behartzen ditu langileak, aldi berean, lan istripuen igoera dakarrena, beti ere, erantzulerik gabekoak.
Hau guztia dela eta, kalean aliantzak lotzen eta giza harresiak altxatzen jarraitu behar dugu, haiena bakarrik defendatzen dutenen erasoak gelditzeko. Maiatzaren lehen honetan, beste behin, herri klaseek honakoa ikuskarazi behar dute: Amesten uzten ez gaituzten bitartean, ez ditugu lo egiten utziko.