Indarrean dagoen sistema erdoilduaren gainbeheraren bi eredu adierazgarri ezagutu behar izan ditugu aste honetan. Lehenengo eta behin, langabeziaren datu kezkagarriak ezagutu genituen. Hego Euskal Herriko administrazio nagusietatik eta gobernu zentraletik kontrakoa saltzen ari zaizkigun arren, ekonomiaren berpizkunderik ez da gertatzen ari; herritar arruntok behintzat horren arrastorik ere ez dugu somatzen. Lehendabiziko danbateko horren ostean, pairatzen ari garen krisian murgildu gaituzten alderdiek beste urrats bat eman dute asteon, eta abian jarri dituzte beren irudia garbitu nahi duten marketing operazioak. Hor kokatu behar dugu AHTren Bergarako lotuneko lanak lizitatzeko Madrilgo Gobernuak hartutako erabakia.
PPren Gobernuak erabaki du beste 133 milioi euro gutunazalak banatzeko zaletasuna omen duten enpresa eraikitzaileei bideratzea, egoera larrian dauden milaka eta milaka herritarren premiak bigarren maila batean utzita. Hau da, herritar arrunten ikuspegitik, Madrilek erabaki du beste 133 milioi euro zakarretara botatzea. Ezin baita bestela definitu inondik inora joango ez den trenbide batean baliabide publikoak xahutzea. Ezin baita bestela ulertu euskal herritarren garraio gabeziak inondik inora konponduko ez dituen eta gure ingurumena suntsituko duen azpiegitura baten tamaina honetako inbertsioak egitea.
Gaur egun dauden aurreikuspenak betetzen badira, euskal herritarron poltsikoetatik aterako diren 5.000 milioi euro bideratuko dituzke azkenean Madrilgo Gobernuak eta Jaurlaritzak AHTra. Kudeaketa politiko eta sozial zentzugabe eta arduragabeagorik aurkitzea zaila da, zinez.
Urkulluren Jaurlaritzak pozarren hartu du albistea. Madril ere kritikatu du, baina ez inbertsioaren zentzugabekeriagatik. Alderantziz, lanen garapena azkarrago eta modu ordenatuagoan egitea eskatu du. Madriletik PPk egin bezala, hemen ere enpresa eraikitzaileen interesak lehenesten ditu EAJk, herritarrak eta beren premiak alboratuta.
Jaurlaritzarako aurtengo aurrekontuak prestatzerako orduan ere horrela jokatu zuten Urkulluk eta bere gobernu taldeak. 2014an, 366 milioi euro bideratuko ditu AHTra, horrek inbertsio sozialean izango dituen ondorioei erreparatu gabe. Hala, ongizate estatuaren bi oinarrietan, hezkuntzan eta osasun sisteman, murrizketak aplikatzen ari da aurten. Hezkuntzarako partidan aurreko urtean baino 166 milioi euro gutxiago izango dira eta osasunera bideratutako partidan 55 milioi euro gutxiago. Enplegua sustatzeko politiketarako, berriz, 121 milioi euro gutxiago izango dira. Beste behin, ‘Porlana helburu’ leloa erraietaraino sartuta daukala agertzen du EAJk.
Erabaki horien ondorioak nozitzen ari direnak herritarrak dira. Agerikoa da behinola eredugarria izan zitekeen osasun sistemaren gainbehera: ordezkapenetarako pertsonalik ez da kontratazen, itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira… Eskainitako zerbitzuaren kalitatea behera eta behera egiten ari da, osasun sistemako langileen ezintasunaren aurrean. Antzeko zerbait esan dezakegu hezkuntzari buruz. Eta enplegua sortzeko politikei buruz zer? Agerraldi honen hasieran esan dugu. Langabezia tasak gora eta gora egiten ari dira, egoera honi aurre egiteko Jaurlaritzaren gaitasun falta agerian utzita. Urkulluren gobernuak ez du baliabide publiko nahikorik bideratzen gure gizarteko drama gordinetako bat konpontzera, eta gero eta nabariagoa da dirurik ez ezik, ideia berritzaitzailerik ere ez duela. Bide honetan, laster izango gara %20eko langabezia tasekin, Grezia, Espainia edota Kroaziaren parean.
Gure gizartea gero eta gehiago hondoratzen ari den AHTren gurpil ero honetatik lehenbailehen ateratzeko deia egiten diogu EHBildutik Urkulluri eta EAJri. Gure herria egoera sozial eta ekonomiko oso larrian egonda gure garraio premiak konponduko ez dituen azpiegitura batera tamaina horretako dirutza bideratzea iraina da herritarrentzat. Ez da onargarria gure gizartea gero eta txiroagoa denean, porlanera eta enpresa eraikitzaileen poltsikoetara gu denon lanetik sortutako dirua bideratzea. Gaur inoiz baino gehiago inbertsio soziala handitzeko unea da, herritar askoren beharrak ere inoiz baino handiagoak direlako. Diru faltaz baino gehiago, lehentasunak ezartzeaz ari gara. Eta EAJ, beste behin, porlana lehenesten ari da, herritarrak eta haien premiak bigarren maila batean utzita.