Josu Jon Imaz Repsoleko Kontseilari Delegatu izendatu berri dutela eta, honakoak adierazi nahi ditu Euskal Herria Bildu koalizioak: Josu Jon Imazena “Ate birakariak” izeneko fenomeno etika gabearen adibide aparta da eta erabat salagarria.
Josu Jon Imazek ardura hauen guztien (Petronor ere gogoratu behar da) atzean EAJren eredu ekonomikoaren itzala ikusten du Euskal Herria Bilduk. EAJ alderdiak oso interes zehatzak defendatzen ari da urteotan: merkatu finantzari eta multinazionalen interesak, botere ekonomikoaren interesak, hain zuzen.
Josu Jon Imazen karguak horren adibide baino ez dira, botere ekonomiko horren interesak defendatzeagatik jasotako sariak eta eskainitako postuak. Soilik horrela uler daiteke Arantxa Tapia kontseilaria Imazen bilakaeraz harro agertu izana, “ardura honetan nire aurretik egondakoa kargu horretan egotea harro izateko modukoa da” esan baitzuen. Zer eskatzen ari da berarentzat trataera berdina etorkizunean ere? “Ate birakariak” biraka segitzea, alegia.
Euskal Herria Bilduk horrelako jarrerak zorrotz kritikatzeko beharra ikusten du, egun bizi dugun egoeran herritarrak iraintzea dela iruditzen zaigulako: langabezia eta pobrezia egoera lazgarrienean gaudenean, botere ekonomikoaren sarien dantzan ikustea zein eta Euskal Autonomia Elkartean gobernatzen duen alderdia.
Imaz eta Urkulluren arteko lotura ezagutza pertsonaletik harago doa: gertutasun politikoa ere erabatekoa da. Urkulluren gobernuak Imazek indarrean jarritako eredu politiko-ekonomiko berberari erantzuten dio eta botere ekonomikoaren, Troikaren erabakien eta Madrilek hartutako erabaki guztien jarraipen hutsa egitera mugatu da. Jarraipen horren ondorioz, agerian geratzen ari da Urkulluren gobernuak ez duela gaitasunik emergentziazko egoera hau kudeatzeko eta soluzioak mahai gainean jartzeko.
Euskal Herria Bilduk bukatzeko bi ondorio azpimarratu nahi ditu: Josu Jon Imaz Urkulluren ifrentzua da eta, beraz, EAJren eredu politiko-ekonomikoaren adibidea. Eredu politiko-ekonomiko honek botere ekonomikoa babestu eta herritarren interesak baztertzen ditu praktikan eta hori egiten da Sabin Etxeako bulego politikotik eta bulego politikoa uzten denean multinazionalen bulegoetatik, kasu honetan Repsol eta Petronorren bulegoetatik.