Asier Vega Alternatibako kide eta Bizkaiko EHBilduko batzarkideak agerraldia egin du gaur goizean Zabalgarbiren inguruan. Errauskailuak hondakin toxikoak sortzen dituela salatu du eta azpiegituraren errendimendu energetiko baxuaren ondorioz, Europako legedia urratzeko arriskuaz ohartarazi du.
EH Bilduk Zabalgarbi errauskailuaren jardueraren inguruko hainbat alderdi argitzeko exijitu du Bizkaiko Batzar Nagusietan izan den Ingurumen batzordean. Koalizioak Iosu Madariaga Ingurumen diputatu eta Zabalgarbiko presidente denari eskatu dizkio azalpenak, Ekologistak Martxanek eta EHUko hainbat irakasle adituk errauskailuari buruz osatu duten txosten baten informazioaren harira.
Asier Vega EH Bilduko batzarkideak hiru ardatzen inguruko argibideak eskatu ditu: errauste prozesuan atmosferara isuritako gaiei buruzkoak, erraustearen ondorioz sortzen diren gai toxikoei buruzkoak eta eraginkortasun energetikoari eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko azalpenak.
Isuriak
Atmosferara jaurtitako isuriei dagokienez, 2012an gai kutsakorren gehienezko isurketa mailak lau aldiz gainditu zirela onartu zuen Lakuak. Koalizioko ordezkariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak errauskailuaren jarduera behin eteteko agindua eman zuen arren, gainontzeko hiru alditan ez zen halako neurririk hartu.
Horrez gain, Vegak gogorarazi du Ingurumen Baimen Bateratuaren arabera, “karbono monoxidoaren gehienezko isuriak ezin izango dira edozein kasutan gainditu eta Zabalgarbik bi alditan gainditu zuen karbono monoxidoaren isuri muga. Bi aldietan ez zen errauskailuaren jarduna eten”.
EH Bilduk gai toxikoen isuriak aipatu ditu. 2012an merkurio isuria 1,5 kg-ko kopurura iritsi zen eta datu horrekin kezkatuta, Vegak diputatuari galdetu dio ea urtean 150mg/m3-ko isuri jarraituaren muga gainditu den. Madariaga diputatuak ez du Vegaren galdera erantzun.
Bestalde, dioxina eta furano neurketen datuek islatzen dutenez, 2012an Zabalgarbiren hurbileko hainbat puntutan lau aldiz gainditu zen gida-balioa (23 femtogramo/m3). “Osasunerako kaltegarria al da dioxina eta furanoak airera isurtzea? Ados egongo gara dioxina eta furanoak gizakiaren jardueraren ondorioz sortzen diren gairik toxikoenak direla baieztatzen badut” gaineratu du Vegak.
EH Bilduk ziurtatu duenez, hainbat ikerketa zientifikok frogatzen dute hondakinen errausketak gai arriskutsuak sortzen dituela eta osasunerako kaltegarriak diren gai toxikoak askatzen dituela. Madrilgo Carlos III unibertsitateko ikerketa baten aipua egin du Vegak. Ikerketa horren arabera, errauskailuen edo gai toxikoen tratamendurako azpiegituren ondoan bizitzeak minbizi arriskua handitzen du bataz bestekotik gora.
Hondakinak
EH Bilduk adierazi du Zabalgarbik gai arriskutsu bihurtzen dituela hasiera batean arriskutsu ez direnak, errauste prozesuaren bidez.
2012 eta 2013 urteetako hainbat zepa laginek ez dute lixibatu frogan baldintza nahikorik bete, arriskutsu ez diren hondakinen isurtegietan uzteko. Analisiek adierazi dute kobre eta karbono organiko disolbatu maila altuegiak zituztela. Ondorioz, hondakin arriskutsuen trataera jaso behar dute. “Dirudienez, ordea, zepak Larrabetzu, Lemoa eta Zallako zabortegi arruntetara eraman dira”.
Vegak azalpenak eskatu dizkio Aldundiari kontrol gabeziarengatik eta zepen kudeaketak eragin ditzakeen osasun kalte eta kutsadurarengatik.
Energia eraginkortasuna
Ekologistak Martxanen txostenak aditzera eman du Zabalgarbi errauskailua ez litzatekeela energia balorizaziorako azpiegitura izendatu behar, hondakinen ezabaketarako azpiegitura baizik.Elkarteak R1 faktorean (energia eraginkortasuna neurtzeko indizean) oinarritzen du baieztapena.
Zabalgarbiren kalkuluen arabera, R1 faktorearen balioa 0,63koa izan zen 2012an. Hau da, energia balorizaziorako planta gisa izendatzeko gutxienekoa baino 0,3 puntu gehiago. Aldiz, Ekologistak Martxanen txostenak metodologia akatsak atzeman ditu eta egiazko balioa 0,59koa dela ziurtatu du. Hala balitz, Zabalgarbi hondakinen ezabaketarako planta izendatu beharko litzateke. Eusko Jaurlaritzak R1 faktorearen neurketa errebisatu du elkarte ekologistaren eskariz eta 0,61eko balioa eman dio Zabalgarbiren energia eraginkortasunari. Vegak emaitza horren azalpena eskatu du baina Madariagak ez du azalpenik eskaini.
“Zabalgarbik 0,60eko balioa baino gutxiago lortuko balu, ezingo lituzke tratatu gabeko hiri hondakinak erre eta hondakinen kudeaketarako hierarkian isurtegien lehentasun maila berbera izango luke” argitu du koalizioko batzarkideak. Aldaketa horrek Europako legedia urratzea ekarriko luke.
Azkenik, Vegak Zabalgarbiren bideragarritasun ekonomikoa izan du hizpide. “Espainiako Gobernutik jasotzen dituen diru laguntza berezirik gabe, Zabalgarbik 18 milioi euroko defizita izango luke”. Vegaren ustez, laguntza horiek ezabatzeko aukeraren aurrean, gasaren garestitzearen aurrean eta Europako legedian aurreikusten diren aldaketak kontuan hartuta, Zabalgarbiren bideragarritasun ekonomikoa kolokan dago.