Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren eledunak salatu du Euskal Herrian Corsan enpresa-elkartea egiten ari den obretan ere justifikatu gabeko 9 milioi euro daudela. Oregik erakutsitako arinkeriaren aurrean, errealitatea da hemen ere kezkatzeko arrazoi handiak daudela. Ez bakarrik AHTrentzat hainbeste milioi bideratzeagatik krisi garaietan, beste behar sozial eta ekonomiko larriagoak alde batera utziaz, baita Corsan enpresa eraikitzen ari den AHTren zatietan justifikatu gabe dauden gainkostuengatik ere.
“Gaurkoan, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Bergarako obretan eman diren irregulartasun berriak salatu nahi ditugu. Izan ere, Kataluniako obretako gain-kostu eta iruzurrarekin harremana duen Corsan Corvian konpainia azaltzen zaigu zati honen atzean.
Tolosa eta Hernialde arteko obretan irregulartasunak eman ziren obrak esleitzeko, ez zirelako horretarako irizpideak zehaztu eta erabilitakoak publikatu ez zirelako. Hala dio argi eta garbi Herri kontuen Euskal Epaitegiak 2010eko txosten batean. Baina bestetik, azalpenik gabe emandako kontratu honen hiru laurdenak amaituta, ia 14 milioi euroko gain-kostua zuten, eta horietatik BEZaren igoerak milioi eta erdi besterik ez du justifikatzen. Eta hori gertatu da norekin eta diru publikoarekin iruzurra egin duelakoan ikertua izaten ari den enpresarekin.
Dagoeneko zantzuak baino gehiago ditugu pentsatzeko hemen, autonomia erkidegoan, irregulartasunak baino gehiago eman direla AHTren lanetan eta diru publikoarekin ustelkeria egon dela. Eta euskal gizartearen aurrean Eusko Jaurlaritzari dagokio demostratzea guztion dirua bidegabe xahutu ez dela. Gero eta argiago dago sobreen jokoa gurean ere ematen dela, eta ezin larriagoa da hau inoizko murrizketarik larrienak pairatzen dituen gizartearentzat”.