AHTren zentzugabekeriak ez dauka mugarik. Orain arte ingurumenaren eta mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik zentzugabekeria galanta bazen, Herri honen historian ezagutu den diru xahuketa handiena izateko bidean da.
AHT egiteko lanak hondamendi izugarria dira ingurumenaren aldetik. Zertarako, eta inondik inora joango ez den trenbide bat eraikitzeko. Baina, gainera, enpresa eraikitzaile handien mesedetan doazen milioietako gainkostuen eragilea ere bada, bat baino gehiago direlako modu irregularrean egindako kontratazioak. Kontratazio horiek egiterakoan, enpresa eraikitzaileen artean negozioa partekatzeko irizpideak gailendu direnaren zantzu guztiak daude; hau da, ez dira irizpide tekniko objektiboetan oinarritu. Eta hori ez dio EH Bilduk. 2009 eta 2011 artean egindako kontratazioei buruz Herri Kontuen Euskal Epaitegiak landutako txostenetan nabarmen geratzen da hori.
AHT eraikitzeko lanek 4.100 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan zuten bere garaian, baina behin amaituta, 10.000 milioi euroko inbertsioa eragingo du. Milioika euro horiek guztiak ez dira hezkuntzara, osasunera, kulturara edo beste premia handiago batzuetara bideratuko, nahiz eta AHTk baino dezenteko errentagarritasun sozial handiagoa izan.
Hori gutxi ez, eta diru publikoaren xahuketa arrazoitu gabeko gainkostu ekonomikoekin egiten ari dira. Aurreikusitako kostua baino askosaz diru gutxiagotan ematen dira lanak, baina azkenean, hasieran aurreikusitakoa edo gehiago ordaindu behar izaten da. Diru xahuketa horrekin batera, neurrigabeko txaupuzak ere egiten dira.
Zaratamon, Nerbioi ibaiaren gainean egindako biaduktuari buruz gaur hedabide batek argitaratutako informazioak agerian utzi du 11 milioi euro zakarrontzira bota direla. Baina, zoritxarrez, ez da kasu bakana; izebergaren tontorraz ari gara hizketan. Hori bai, horrelakoak egiten dituzte herritarren diruarekin. Milioika euro zakarretara botatzen dira eta, bitartean, oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egiten dira. Baina hemen ez da inor lotsatzen eta, are gutxiago, inork ez du inork dimisoa ematen.
11 milioi euro joan dira erabiliko ez den biaduktu batean; 11 milioi erabili dira kirtenkeria politikoari eskultura bat egiteko. Porlan tona mordoa erabili dira miloika euro publiko lurperatzeko, Espainian ustelkeriaren eta desfase inmobiliarioaren garaian egiten zenaren moduan. Horren adibide dira hegazkinik ez duten aireportuak edo bidaiaririk ez duten AVEren geltokiak. Gaizki egin zen proiektua eta hasieratik egokitu behar zen, baina 435 metroko obra baten, ibilbide aldaketetan 3 milioi euro gastatu behar izan ziren; eta amaitzeko, biaduktua. Bazekiten ez zela erabiliko, baina obrarekin amaitzea erabaki zuten. Arduragabekeria handiagorik!
EAJk, PSEk eta PPk hitzartua dute AHTren inguruko obretaz, eragindako gainkostuez eta milioika euroren erabilera okerraz ezer ez esatea, gizarteari gaia ezkutatzea. Ulergarria ere bada, guztiak daudelako diru xahuketaren lokatzetan murgilduta eta jakin badakitelako asko direla AHT eraikitzeko lanetan diru publikoarekin egindako irregulartasunak. Irregulartasunak eta gainkostuak, gainera, Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak kudeatutako zatietan ematen dira. Horretan ez dago diferentziarik.
Ingurumenean, gizartean eta ekonomian eragindako kaltea konponezina da iada, baina oraindik ere garaiz gaude erokeria hau gelditzeko eta sortu den ordain-agiri ekonomikoak altxortegi publikoa etorkizunean erabat ez hondoratzeko. EAJ, PSE eta PP irteerarik gabeko kalean sartuta daude; baliteke handik irteten ez jakitea, baina handik irtetea ere ez dutela nahi ematen du. Horregatik, beste behin euskal gizarteari eskatzen diogu beste ahalegin bat egin dezatela, eta exijitu diezaietela diru publikoarekin horrela ez jolastea. Gizarte honen eta etorriko diren belaunaldien ongizatea ezin da porlan tona mordo bat erabiliz lurperatu.
Amaitzeko, aurreko astean iragarri genizuen bezala, informazioa biltzen ari gara AHT eraikitzeko lanek eragindako gainkostuez eta kontratazioetan egondako irregulartasunez. Informazio hori guztia fiskaltzaren esku utziko dugu, honek ikerketa abian jarri dezan eta guztiok jakin ahal izateko nora joan diren milioika euro publiko horiek.