Jon Albizu Ongizate zinegotzi eta Alternatibako kideak 2013ko Donostiako Gizarte Ongizateko zuzendaritzaren Memoriaren aurkezpenean azpimarratu duenez, “Udala da gizarte-zerbitzuen sistema orokorrera sartu ahal izateko igaro beharreko atea eta, honen helburua izan da ate hori etenik gabe irekita egotea”.
Azken urtean ez da araudi aldetik aldaketa handirik izan eta, ondorioz, ez da aparteko jauzirik izan artatutako pertsona kopuruari dagokionean: guztira 13.124 izan dira, eta horietatik 2.878k lehen aldiz jo dute gizarte-zerbitzuetara.
Edozein kasutan, Albizuk azaldu du Udalak apustu garbia egin duela pertsonen alde, krisiaren ondorio latzak arintze aldera, eta bereziki nabarmendu du zuzenean ematen dituen udal laguntzen pisua: “Legealdi hasieran 239 pertsona edo familiak jasotzen zituzten eta gaur egun 571 pertsona edo familiaren beharrei erantzuten diete. Legealdi honetan %200 igo dira udal laguntza horietara bideratutako sosak”.
“Ahalegin hori Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatuz egin dugu”, gaineratu du Albizuk: “Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden laguntzak dira, baina Udaletik osatu egiten ditugu baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei, baina Eusko Jaurlaritzaren laguntzak iristen ez zaizkienei, iritsi dakizkien. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak osatzeko Udalak jartzen duen dirutza 628.945 eurokoa da”.
Albizurentzat azpimarragarria da, era berean, gizarteratzeko diru laguntzen kasuan izan den igoera: “Gure inguruan lana lortzeko dauden arazoei lotutako laguntza da. Ohiko etxebizitzari eutsi ahal izateko bideratzen diren laguntzak dira, neurri handi batean: alokairuak ordaintzeko edo etxebizitza maileguei aurre egiteko”.
Albizuk eskertu nahi izan du zerbitzu sozialen arloan lanean ari diren pertsonen ahalegina, egiten duten lana eta lan hori egiteko duten modu arduratsua.