Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proposatu dio 75 plazako zentro soziosanitario balioanizdun bat sortzea Eibarren egingo den ospitalean, zehazki, mendeko pertsonei eta buruko gaixotasuna dutenenei zuzenduta. Izan ere, etengabe igotzen ari da patologia kronikoak dituzten 65 urtetik gorako pertsonen kopurua eta erantzuna eman behar zaie pertsona horiei; horrez gain, arreta espezializatu gehiago eskaini nahi da adimen osasunaren arloan. Foru proposamenean aurreikusten da errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentro bat eta bi egoitza unitate sortzea, bata, adimeneko nahasmendu larria dutenentzat eta, bestea, osasun-arreta behar duten mendeko pertsonentzat. Lanak berehala hasiko direnez, Aldundiak aurrera pauso bat eman nahi du bere proposamenarekin, izan ere, oraindik ez dago argi zein zerbitzu eskainiko diren aipatu eraikinean.
Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kideak proposamen hori bidali du Osasun Sailera, Eibarren eraikiko den ospitalean plaza soziosanitarien erreserba egin dadin; izan ere, plaza horiek bi administrazioen artean finantzatuko lirateke eta gizarte eta osasun zerbitzu bateratuen beharra duten pertsonen babeserako izango lirateke.
Diputatuen esanetan “nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez digun ezer jakinarazi, prentsaren bidez jakin dugu irailean hasiko direla Eibarko ospitaleko obrak; ospitale horrek subakutuentzako oheak eta oraindik zehaztu gabeko beste zerbitzu batzuk izango ditu. Ospitale proiektu horren zehaztasun faltak benetako osasun-beharraren inguruko zalantzak sortu ditu hasiera-hasieratik eta, horregatik, Aldundiak erabaki du eskualdean benetan behar diren plazak sortzeko proposamen bat egitea”.
Proposamena ez da ospitalean ohe soziosanitarioen kopuru mugatu bat jartzea, baizik eta errekurtso soziosanitario balioanizdunarekin batera ohe horiek alboko eraikin batean jartzea; horrela, inguruan egun dauden 35 plaza eramango lirateke eraikin berrira eta, gainera, beste 40 plaza sortuko lirateke.Eraikin horrek hiru solairu izango lituzke.
– Behe solairua: Solairu horretan 25 plazako errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentro bat jarriko litzateke; horietatik 23 Eibarren egun dagoen zentro batetik ekarritakoak eta 3 berriak.
– 1. solairua: Adimeneko Nahasmendu Larriko Egoitza Unitatea jarriko litzateke.Eibarko egoitzatik 13 plaza eramango lirateke eta beste 12 sortu.
– 3. solairua: Solairu horretan Egoitza Unitate Soziosanitarioa jarritako litzateke, 25 plaza berri sortuta.Mendeko pertsonentzat izango litzateke batez ere, hau da, beste ospitale batzuetan egon ondoren, eta nahiz eta alta klinikoa jaso, beraien bizitzaren amaieran edo etxera edo egoitzara itzuli aurretik zaintza handiak behar dituzten pertsonei zuzenduta egongo litzateke.
Diputatuak adierazi duenez, zentro hori eraikitzen bada asko hobetuko da eskualdeko arreta soziosanitarioa, lagungarri izango da patologia kronikoak dituzten 65 urtetik gorako pertsonentzat, adimen osasunaren alorreko arreta espezializatu gehiago emango da, eta egun dauden errekurtsoak berrantolatuko dira.Beraz, Rodriguezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio kontuan har dezala Gipuzkoako proposamena eta lurralde horretako mendeko pertsonen eta buruko gaixotasuna dutenen bizi kalitatea hobetzeko baliabideak jar ditzala.