EH Bildu kezkatuta agertu da Bizkaia iruzurraren kontrako borrokan “atzean geratzen ari delako”. Koalizioak adierazi du Bizkaia dela EAEko lurraldeen artean proportzionalki iruzur gutxien azaleratu duena, 2013ko diru bilketen datuak alderatuz.
EH Bilduko batzarkide Irune Soto eta Asier Vegak azaldu dutenez, Bizkaiak iaz 467 milioi euro azaleratu bazituen, Gipuzkoak 397 milioi euroko iruzurra atzeman zuela. Irune Sotoren hitzetan, bi lurraldeen arteko alde proportzionala oso handia da. “Atentzioa ematen du Gipuzkoak 73 milioi euro gutxiago azaleratu izana bakarrik, 394 milioi zehazki. Proportzionalki oso alde handia dago, kontuan hartuta Bizkaiaren diru bilketa Gipuzkoaren ia bikoitza izaten dela urtero. Arabak, berriz, 123 milioi euroko iruzurra detektatu zuen eta kopuru horrek ere Bizkaiko datua gainditzen du proportzionalki.
Sotok azpimarratu du Bizkaia dela EAEn iruzurraren kontra datu kaxkarrenak dituen lurraldea. “Argi eta garbi geratzen da, Jose Luis Bilbaoren gobernuak eta EAJk bultzatu dituzten neurriak direla eraginkortasun gutxien lortu dutenak iruzurraren aurka eta bestelako neurriak bultzatzeko beharra dugula Bizkaian. Koalizioko ordezkarien esanetan, datuei erreparatuta, “are ulergaitzagoa” da Bizkaiko Aldundiak “iruzurraren kontra foru ogasunen arteko elkarlanari oztopoak jartzea”.
Aldundiaren partetik “jarrera aktiboagoa” beharrezkoagoa dela uste du Sotok. “EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiaren bidez bultzatu dituen neurrien atzetik ikusi dugu, Gipuzkoa mugitu denean mugitu da EAJ, baina ez dugu Bizkaiko Aldundiaren ekimen propio esanguratsurik ezagutu iruzurraren kontrako borrokan”.
Koalizioak iruzurraren kontrako proposamena erregistratu berri duela iragarri du Asier Vega batzarkideak. “Batetik, arrisku bereziko zergadunen errolda osatzeko eskatzen diogu Aldundiari, Foru Ogasunaren barne erabilerarako erreminta gisa. Eta, bestetik, Bizkaiko iruzurgile handien zerrenda publiko egiteko aukera legala aztertu dezala, iruzurgileen jarrera ez solidarioa agerian uzteko”. Vegak gogorarazi du azken ekimen hori ahobatez onartu zela Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Bizkaian ere “akordio zabala” lortzeko gai izatea espero du.
EH Bilduk ohartarazi du iruzur poltsa nagusienak enpresa handietan eta ondasun handietan kokatzen direla. Aldiz, koalizioaren arabera, “Bizkaiko Aldundiak eta EAJk ez dute iruzur poltsa handi horiek azaleratzeko ahalegin berezirik egiten eta bide horretan ekimenak bultzatzeko erresistentzia agertzen dute behin eta berriz”.
Ordezkari independentistek gaineratu dutenez, iruzur poltsa handi horietako bat Enpresen Sustapenerako Elkarteen erregimen berezian aurkitzen da. Hala ere, Bizkaiko Aldundiak ez du erregimen hori iruzurraren kontrako planean txertatu. EH Bilduk azaldu du Gipuzkoak 67,5 milioi euroko iruzurra atzeman duela erregimen berezi horretan eta logikak dio Bizkian kopuru horren handiagoa izan beharko lukeela.
EH bilduk Ondare Zergaren datuak ere aipatu ditu, Bizkaiko Aldundiak iruzurraren kontra lortu dituen datu kaxkarren isla. 2013an, Bizkaiak 76milioi euro bildu zituen zerga horren bidez eta 1,6 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen. Gipuzkoak, berriz, 5 milioi euroko iruzurra atzeman zuen Ondasun Handien Gaineko Zergan, diru bilketa askoz apalagoarekin (49 milioi euro).