Gipuzkoako Foru Aldundiak 28.500.000 euro inguru erabiliko ditu aurten pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko, azken hiru urteetan aurrekontua % 44 goratu duen esparru honi jarraipena emateko. Iaz 14.080 pertsona ahultasun egoeran zirenak babestu zituen foru administrazioak, bere zerbitzu eta laguntza ekonomikoen bitartez. Azken helburua da pertsona horien gizarteratzea eta ahalmentzea, parte hartze aktiboa lantzen duten gizarteratze prozesuen bitartez.
Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek, Gizarteratzeko zuzendari Euken Barreñak, eta Plangintzako eta Inbertsioetako zuzendari María del Ríok datu horiek azaldu dituzte gaur, Batzar Nagusietan egin duten agerraldian, Pobreziari buruzko Ponentziaren barruan Aldundia garatzen ari den ekintzen berri emateko. Diputatuaren hitzetan, «oso garrantzizkoa da Aldundia egiten ari den ahalegin ekonomikoa pobreziaren gorakadari aurre egiteko, zerbitzu berrien bitartez, zuzeneko arreta hobetuz eta laguntza ekonomikoak emanez. Ponentziak emandako gomendio gehienak betetzen ari garenez, argi erakusten ari gara pobreziaren aurkako borroka lehentasunezko eginkizuntzat hartu izan dugula agintaldi honetan, bereziki aintzat hartzen ari baikara krisiaren eraginez eta Espainiako gobernuaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren murrizketa sozialen eraginez sortutako ahultasun larrienean diren egoerak».
Azken hiru ekitaldietan, esparru honetara bideratu den aurrekontua %44 goratu da, 19.760.900 euro izatetik 28.500.000 euro izatera pasa baita. Igoera horri esker eratu ahal izan ditugu tresna eta programa berriak pobrezia egoeran diren pertsonentzat, zabaldu ahal izan ditugu plaza berriak gizarte zerbitzuetan, eta eskaini ahal izan dugu Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza, hain zuzen ere Aldundiak sortu duen prestazio ekonomiko bat, Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errentan egindako murrizpenei aurre egiteko.
Aurrekontu handitze horren bitartez, baita ere, lortu ahal izango ditugu beste helburu batzuk; batetik, Gipuzkoako Pobreziari buruzko II. Inkesta egitea, emakumeen artean pobreziak duen eragin neurtzeko atal berezi batekin; laguntza espezializatuaren zerbitzua indartzea, 6 gizarte erakunderen bitartez 174 pertsona artatzen dituena; gizarteratze sarearen erabiltzaileen arreta psikologikorako programa bat antolatzea; familian esku hartzeko programari eustea, gizarte bazterketa egoeran diren 91 familia artatzeko; eta beste zenbait programa eta zerbitzu indartzea.
Rodríguezek nabarmendu du 1.360 pertsona izan zirela iaz, bizi ahal izateko gutxieneko sarreren laguntza Gasteizko gobernuak ukatu ondoren, Aldundiaren Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzen dutenak. Aurten, Gizarte Politikako Departamentuak hirukoiztu egingo du laguntza horien zenbatekoa, 7 milioitik gorako aurrekontu batera iristeko. Gainera, prestazio berri bat eratu du ahultasun egoeran diren 18-23 urte bitarteko gazteentzat; 27 jasotzaile ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur egun, 432 plaza ditu egoitzetan eta 154 plaza eguneko zentroetan, gizarteratzeko arazo desberdinak dituzten pertsonentzat: emantzipazio etxebizitzak, familientzako laguntza, kartzelatik irten direnak, alkoholikoak eta drogaren menpekoak, adimen gaixotasuna dutenak… Sare honek, 19 gizarte erakunderen lankidetzaz, 1.159 kasu artatu zituen 2013an. Egoitzetako egonaldirik gabeko laguntza programen bitartez, Aldundiak 11.534 kasu gehiagoren arreta eman zuen.