Alternatibaren bozeramaile nazional Diana Urreak, estatu espainiarreko estatuburu “Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren operazioa estetikoa” salatu du, oso une jakin batean ematen dena gainera, “pasa den maiatzak 25eko hauteskundeen emaitzek adierazi zuten bezala, ustela dagoen erregimen bipartidista honi eusten dioten alderdi politikoek krisialdi larrian daudenean”.
Alternatibatik, monarkia instituzio “anakroniko eta guztiz antidemokratikoa” dela gogoratu dute, jainkozko izendapenaren bitartez pribilegioak eta karguak eskaintzen dituena, edota kasu honetan, “Frankoren diktadura kolpistaren oinordetzaren eta izendapen zuzenaren ondorioz” boterean dagoena.
Urreak dioenez “azken urteetan izan diren erreforma eta murrizketa bortitzenak pairatu dituzten herritarrei bizkarra eman dion sisteman, errege aldaketak ez duela elite finantzarioen esanetara dagoen sistema hau ezkutatzen”. Gogoratu du, halaber, bakarrik herritarren borondateak eta botoek eman diezaioketela zilegitasuna estatu-buruzagitzari ere eta, horregatik, Juan Carlos Borboikoak erregetzea utzi ez ezik, “estatuko instituzio antzuenak eta ilunenak jarraikortasuna erreferendum bitartez bozkatua izatea” exijitu du.
Azkenik, Alternatibatik berretsi egin dute bere “Euskal Errepublika Sozialistaren aldeko” aldarrikapena, “egun indarrean dagoen sistema monarkiko kapitalistaren aurrean”, azpimarratuta Espainiako erregea “batasun nazionala deritzona baina benetan beren etorkizunaren jabe izateko burujabetza nahi duten herrien kontrako etengabeko mehatxua ordezkatzen duen ejertzitoko burua” dela ere, euskal herritarren zien katalanen kontrako mehatxua beraz.