Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren parlamentari, Oskar Matute, koalizioako Maribi Ugarteburu eta Alberto Unamunzagarekin batera agerpena egin du Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren harira. Bere partehartzean Matutek euskal errepublika baten alde egin du eta norabide horretan indarrak bateratzera deitu du.
Gaur ezagutu da Espainiako errege Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa.
Franco diktadoreak izendatu zuen, aurreko erregimenaren jarraipena “lotuta eta ondo lotuta utziz”. Orain, abdikazioarekin, egungo estatu eredu ukatzailearekin jarraitzeko eta benetako haustura demokratikoa eragozteko saiakera egin nahi dute.
Frankismotik eratorritako eredu politikoa krisi sakonean dago, erabat pitzatuta. Krisi horren adierazle da erregimenaren oinarri diren PP eta PSOEren zilegitasun krisia (pasa den igandeko hauteskunde emaitzak horren lekuko). Espainiar eredu honek ez dauka agenda demokratikorik ez Espainiako estatuaren menpeko herriontzako ez herritarrentzako. Abdikazioarekin eredu ukatzaile zaharkitu horri nola edo hala eusteko ahalegina egin nahi du Erregimenak.
Frankismotik hari zuzenarekin datorren estatu ereduak ordezkatzen duena ukazioa da; Euskal Herriaren ukazioa, eta diktadura frankistarekiko haustura demokratikorik eza. Eta eredu honen adierazle nagusia da Espainiako Erret Etxea. Ukazioaren sinbolo gorena, EH Bildutik behin eta berriro salatu izan duguna, azkenengoz duela aste gutxi Juan Carlos eta Felipe Borboikoak Euskal Herrira egindako bisitetan.
Juan Carlos Borboikoak abdikatzearekin batera 1977an abian ipini zuten Frankismoaren erreforma fasea amaitu egin beharko luke. Izan ere, 37 urte geroago, Espainiako estatuaren menpeko herri guztion ukazioa bere horretan mantentzen da, benetako demokrazia eza agerian dago.
Orain koroa bat buru batetik kendu eta beste batean jarri nahi dute, besterik gabe. Herrien ukazioa eta estatu eredu ez demokratikoa bere baitan mantenduz.
EH Bilduren deia beraz, orain dela 35 urte haustura demokratikoa eragotzi zuten eragile politikoei, ez dezaten orain gauza berbera egin. Egin ezazue Euskal Herriaren aitortzaren eta erabakitze eskubidearen aldeko hautua.
Benetako haustura demokratikoa eman dadin lanean jarraituko dugu EH Bildutik. Gure herriak bere geroaren jabe izateko eskubidea duelako, eskubide hori gauzatzeko borrokan jarraituko dugu. EH Bilduk Euskal Herriaren burujabetza osoaren aldeko hautua egina dauka, Euskal Errepublikaren aldekoa alegia, eta norabide horretan indarrak biltzeko deia egiten die herritarrei.