10.000 Milioi euro, ez noiz ez nora eramango gaituen ez dakigun tren batean. Hau da Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenen proiektuen egoeraren sintesia.
Orain hamarkada bat, inongo eztabaida sozialik gabe diseinatu eta erabakitako proiektuen aurrean aurkitzen gara, orduko faktore ekonomiko, sozial eta politikoen arabera definituak izan zirenak. Egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin zer ikusirik ez duten proiektuen aurrean aurkitzen gara, hauen bideragarritasunaren inguruan sortutako zalantzetaz inguraturik gainera.
Baina ez da Euskal Herria Bildu zalantza hauek mahai gainean jartzen dituena, baizik eta proiektuen gaineko datu objektiboak dira egoeraren larritasuna azalerazten dutenak:
- Ez dago konexiorik: Nafar Gobernuak zein Gobernu Espainiarrak onartu egin dute abiadura handiko trenak ez duela Iruñea Zaragozarekin lotuko, eta beraz, Iruñea-Castejón tramua guztiz isolatua geratzen da.
EAEko kasuan, Espainiar Gobernuak Gasteiz-Burgos lotunearen gaineko zalantza asko dituela adierazi du, hirugarren karrilaren alternatiba mahaigaineratuz. Gobernu Frantsesak gutxienez 2032 arte atzeratu du “Euskal Y” Europarekin lotunea egiteko proiektua.
Nafarroan inongo konexiorik ez duen joan-etorriko 65km-ko korredorearen aurrean aurkitzen gara. EAEn berriz, ez estatu espainolarekin ez Europarekin konexiorik ez duen Y. 10.000M eurotako bi “irla”.
- Finantziazioa murrizten da, praktikan inbertsioa ia etetera helduz: Naiz eta Gobernu Espainolak Euskal Herriko abiadura handiaren aldeko apustua berresten duen hitzez, zenbakiek argi uzten dute hauen asmoa. Proiektuen kostea 10.000Milioikoa den bitartean, Espainiako gobernuaren inbertsioa hurrengo urteetan 50 eta 190 milioi eurokoa izatea aurreikusten da. Beraz, esan dezakegu estatu Espainolak “Moratoria tekniko” batean sartu dituela proiektuak.
Ondorioa: estatuaren finantziazio faltaren aurrean, Gasteiz zein Iruñeko gobernuak dira obrak jarraitzeko dirua ipintzen dutenak, jakin barik diru partida hauek bueltatuak izango diren gobernu zentralaren eskutik, ez eta proiektuak bukatuko ote diren. Egoera honi bukaera eman behar zaio.
Egoera eta baldintzak aldatu direla ukaezina da, baina ala ere, Gasteiz eta Iruñako gobernuek, bideragarritasun tekniko, sozial zein ekonomikoaren gaineko zalantzaz beteriko proiektuak finantzatzeko apustuarekin jarraitzen dute. Honek, urtean, aurrekontuetatik eratorritako (2014) 350M eurotako inbertsioa EAEn eta 102M eurotakoa Nafarroan suposatzen dute.
?Egoera ekonomiko gogorra sufritzen ari garen honetan, ezin dugu herritarren dirua etorkizunik ez duten proiektuetan bideratzen jarraitu. Arduratsuak izan, eta inbertsioak zertan egiten diren oso ondo baloratu beharra dago.
Zalantzaz beteriko egoera honen aurrean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari zein Euskal Herriko indar politiko guztiei, hurrengo proposamena luzatu nahi die: azpiegitura hauen etorkizunaz erabakitzeko prozesu oso bat abiarazi dezagun, proiektuaren egungo baldintzen egoera ezagutzeko azterketa sakona egin, eta horren gainean eztabaidatzeko aukera irekiz, parte-hartze sozialerako mekanismoak artikulatu.
Horregatik, Urkullu zein Barcinaren gobernuei AHTko proiektuen berehalako MORATORIA eman dezatela eskatzen diegu, egungo baldintzen gaineko azterketa sakona garatuko duen markoa osatu eta jendartearen eskakizunei men eginez, denon artean proiektuen etorkizunaz erabaki dezagun.
Inongo indar politikok ezeztatu beharko ez lukeen proposamen zentzudun eta arduratsua da egiten duguna. Ez gabiltza behin betiko geratzea eskatzen ari , baizik eta aztertu eta erabaki ahal izateko behin behineko moratoria. AHTaren etorkizuna argitu arte, milioiak inbertitzeari uztea da exijitzen ari garena.
EH Bildu prest dago, prozesu hau lagundu eta posible egiteko, bere aldarrikapen gorena atzeratzeko.
Ez dago presarik. Geratu, eta pentsatu dezagun ondo zertan inbertitu behar dugun, eta bitartean, bideratu ditzagun errekurtso ekonomikoak behar urgenteetara.
Arduratsuak izan daitezela eta eman dezatela berehalako Moratoria.
EHBildun irakurri