Berriz ere, inperio espainiarraren izpiritu aseezina azalerazten da bere koloniarik urrunenean, Afrikako ipar-mendebaldean, berriz ere, XXI. mendeko oligarkiaren interesak defendatzeko. Oraingoan transnazional baten izena dauka, Repsol eta buruzagi jakin bat azaltzen zaigu Espainiaren kolaboratzaile: Josu Jon Imaz
Kanarietako uhartedia natur baliabide nahikoak eta soberan ditu energia berriztagarriak garatzeko, izan ere, urte osoan eguzkia, haizea eta itsasaldiak ditu. Eta horrekin aski dute energetikoki burujabeak izateko petroliorik gabe; martxan jarri nahi dutena, beraz, kanariarren kontra doa eta interes jakin batzuen alde.
Alternatiban, ekologia edozein dominazio sistemaren aurka egiteko balio duela defendatzen dugun heinean, Kanariar Irletako itsas ekosistemaren kontserbazioaren alde agertzen gara; elikadura subiranotasunerako aldarrikapenetik kanariar itsasoko arrantza erreserben zaintzaren alde egiten dugu eta demokrazia parte-hartzailearen alderdi bultzatzaile gisa, Kanariar Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu, erreferendum baten bitartez bere itsasoan petrolio-prospekzioa gauzatzea edo gelditzearen borondatea erabaki dezaten.
Guzti hau dela eta, gizarte mugimenduen deialdiarekin bat egiten dugu eta bide batez, kanariar gizarte osoari eta bat egin nahi duten pertsona guztiei dei egiten diegu, hurrengo ekainaren 7an, larunbata, 18:00etatik aurrera zortzi irletan batera egingo diren martxekin bat egin dezaten.
Euskal Herritik jaso elkartasunezko besarkada internazionalistarik beroena.
Gasteiz, 2014ko ekainaren 5ean