Alternatiba Gazteak-eko bozeramaile Diana Urreak, Segi gazte antolakundeko kide izatea egotzita epaitutako 40 pertsonen absoluzioa ospatu du “sistematikoki ezartzen dizkiguten gazteen kontrako politika errepresiboen gainetik, eredu alternatiboa aldarrikatzen dugun euskal gazte guztiontzat berri ezin hobeagoa” dela.
Alderdi ezkertiarretik nabarmendu dutenez, “tratu iraingarriak eta torturak jasan ostean epaiketa prozesua ezer gertatu ez balitz bezala ixtearen erabakia guztiz deitoragarria da. Beren ustezko zuzenbide estatua existitzen dela sinetsarazi nahi digute”. Aldi berean, “egin zaien mina, jasandako tratu txarrak eta espetxealdia, zeinek ordainduko dien” galdetu dute, “haien delitu bakarra militantzia sozialean eta politikoan aritzea izan denean”.
Bukatzeko, Urreak Euskal Herriaren alde borrokan jarraitzera premiatu du euskal gazteria, “eraldaketa soziala gauzatzeko gazte libreen ahotsa gailenduz eta gure etorkizuna akabatu nahi dutenen inposaketen aurrean makurtu gabe”.