Pasa den ekainaren 8an, beste euskal herritar askok eta askok bezala, Alternatibako kideok eskuak oratuta bat egin genuen Gure Esku Dago herri ekimenarekin. Giza katean gure harri koskorra jartzeko Alternatibaren ordezkaritza zabala izan zen, besteak beste, Gasteizko ganberan parlamentari Diana Urrea, Bizkaiko batzarkide Asier Vega eta Koordinakunde Nazionaleko kide ugari, Alba Fatuarte, Ayem Oskoz, Maite Elizondo eta Aitor Miguel, beste militante askorekin batera. Eskuak lotuta gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Pausoz pauso gure etorkizuna eraikiz. Herri oso baten kemena bide bihurtuz. Geldiezinak gara.