Kolonbia azken urteetan izan duen bidegurutzerik garrantzitsuenetako batean dago: dagoeneko 50 urte bete dituen gatazka armatuarekin aurrera egitea edo bakea lortzea. Igandean, ekainaren 15ean, presidentziarako hauteskundeen bigarren itzulia izango da, lehian errepublikako egungo presidente Juan Manuel Santos eta Oscar Ivan Zuluaga Alvaro Uribe presidente ohiaren hautagaia ariko direla.
Hautagai biak eskuindarrak izan arren, alde handiak daude gatazkari aurre egiteko bakoitzak duen jarreren artean. 2012ko abuztuan, Juan Manuel Santosek eta Farc-EP gerrillek negoziazioak hasi zituzten, duela bost hamarkada sortu eta herriak pairatzen duen gatazkari amaiera jartzeko asmoz. Negoziazioak gerrarekin bukatzeko helburuarekin abiatu zituzten, are gehiago, bakea lortu arte negoziazio mahaitik ez zirela altxatuko konpromisoa hartu zuten. Aurretik emandako prozesuetan ez bezala, egungoan gatazka konpontzeko benetako borondatea dago.
Bake prozesuaren hasiera eta Kolonbiako egungo presidentearen gogoa bihurtu dira Juan Manuel Santosen eta bere lehiakidearen arteko desberdintasun garrantzitsu nabarienak. Desberdintasun hau guztiz erabakigarria da. Santosek gatazkaren izatea aitortzen duen bitartean, Zuluagak elkarrizketa bideekin bukatzea proposatzen du. Zuluagak, uribismoaren eta gerra-zalekeria atzerakoiaren ordezkari, milaka hildako, desagertu eta desplazatu ekarri dituen gerrarekin jarraitzea proposatzen dio herrialdeari. Azken batean, min gehiegi, sufrimendu gehiegi. Biek politika neoliberalak defendatzen dituzten arrean, barne gatazka armatuarekin bukatzeak garai berria ekarriko lioke Kolonbiari.
Bi aukera kaskarren artean hautatzera behartzen gaituen hauteskunde sistema baten menpean, Uribe genozidaren eskuineko eskuari bizkarra emanez bakeari ateak irekitzearen itxaropena geratzen zaigu.
Gerrak gauzatutako giza sufrimendu zuzenarekin bukatzeaz aparte, gatazkaren amaierak, historikoki ahaztuta izan dituen beste arlo batzuetan inbertitzera eraman dezake gobernua, adibidez, osasungintzan, azpiegituretan edota hezkuntzan. Bestaldetik, eta sinatutako akordioak betetzen badira, tradizioz jazarpena eta estigmatizazioa sufritutako oposizioarentzat gune demokratikoak lirateke.
Gatazkaren amaiera Kolonbiako herritar gehienentzat irabazia izango litzateke, bakean bizi eta parte-hartze politikorako benetako gune demokratikoak eskura izateko. Kolonbiako herriak bakerako duen behar hori, Alternatibatik gurea egiten dugu ere eta horregatik, bake prozesua aurre egitea espero dugu. Igande honetan, bakeak behar duen babesa jasotzea eta elkarri ulertzeko garai berria abiatzea espero dugu, non ideian eztabaidak eta konfrontazio demokratikoak gerraren eta bortizkeriaren logika ordezkatuko duten.
Alternatibaren Mahai Internazionalista