Alternatibako kide eta EHBilduko Bizkaiko batzarkide Asier Vegak, Arantza Urkaregirekin batera prentsaurrekoa egin du, urteetako ondare ekonomiko eta sozial guztia fundazio bankario pribatua gidatuko duten patrono gutxi batzuen eskutan utziko duen euskal kutxen pribatizazio prozesua salatzeko.
EH Bilduk kezka handiz bizi du une honetan euskal Kutxen eta Kutxabanken inguruan gertatzen ari dena. Gauzak ez badira aldatzen, ekainaren 30ean BBK-ko batzarrak betirako amaituko dira. Esaten digute alarma soziala pizten ari garela, baina ezin zaio leporatu sutearen erdian dagoenari SUA dagoela oihukatzea.
Urteetako ondare ekonomiko eta sozial guztia fundazio bankario pribatua gidatuko duten patrono gutxi batzuen eskutan geldituko da. Betirako amaituko da urteetan egon den kontrol publiko eta soziala eta Kutxen hasierako asmoak, bereziki bertako ekonomia eta herritarren interesen araberako finantza entitatea izatearena, betirako amaituko dira.
Kutxabankeko presidenteak eta presidente ordeak, Fernandez eta Iturbe, esan duten bezala, pribatizazioari ekingo zaio, instituzioen bultzadaz eta herritarren aurrezkietatik sortutako kutxa eta bankua, espekulazioa helburu duen banku bat izateko bideari ekingo diolarik.
Egoera honen aurrean EH Bilduk duela bi aste herri akordio baterako deialdia luzatu zuen eta sindikatuen erantzuna jaso eta beraiekin biltzeko aukera izaten ari gara. Alderdien aldetik ordea, erantzunik ere ez dugu jaso. Esan bezala, BBKko batzarra ekainaren 30ean burutu nahi dute. Kutxak fundazio batean bihurtzeko, legeak aipatzen duen epea abendua delarik, EH Bildutik, berriz ere, denbora dagoela eta BBKko batzarra bertan behera uztea eskatzen dugu, hain zuzen, halako gai garrantzitsu batek beharko lukeen herri akordioa bermatzeko edo gutxienez saiatzeko.
Horregatik, denbora dagoelako 30ean BBKn patronatu izaera bozkara doalarik, honako proposamena luzatu nahi dugu:
– Akordioa ezinbestean hiru herrialdeetarako akordioa behar du izan, BBKren %57ak kontrako jarrera izan ezkero, hemen aipatutako helburuak ezinezko bihurtuko lituzkeelako.
– Ekainaren 30erako deituta dagoen BBK-ko batzarrean kutxak fundazio bankario bihurtzeko puntua ken dezatela, abendua bitartean lor daitekeen balizko akordioa saiatzeko hiru kutxetan.
– Juridikoki azterketa sakona egin dadila, besteak beste, 2013ko abenduak 27ko ‘Ley 26/2013 de Cajas de ahorros y fundaciones bancarias’ delakoaren 35.2. artikuluak atzera begirako egoerara itzultzeko aukeraren gauzapena juridikoki aztertuz.
Bestelako aukerarik ez dagoela ikusi eta adostuko bagenu, Kutxak fundazio bankarioetan bihurtzeko urratsa emango genuke baina beti ere, honoko bi puntu minimoak onartuko balira:
Kutxek historikoki izan duten kontrol sozial eta publikoa bermatzeko, sortuko liratekeen patronatuak honoko ordezkari eta kontrolerako bitartekoak izango lituzke.
? Instituzio fundatzaileen ordezkariak.
? Herrialdeko eragile sozial eta sindikalak.
? Batzar nagusien ordezkaritza proportzionala.
? Era berean, kontu-emate eta fundazioaren jarraipena egingo duen Batzar Orokorra osatuko litzateke.
? Lau urtean behin, legegintzaldiekin bat eginez, aipatu ordezkariak berrituko dira.
? Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusien batzorde publiko propio bat osatu, fundazioko kudeaketaren garapena eta beronen kontrol publiko, instituzional eta soziala bermatzeko.
Kutxek historiko izan duten kontrol sozial eta publikoa bermatzeko eta Euskal Herriko finantza entitatea izaki, bertoko herritarrak eta ekonomia bultzatzeko tresna izan dadin, pribatizazioaren kontrako akordio politiko publikoa burutzea, legeak akzioak saldu edota kapitala handitzeko behartuko balu honoko bitartekoak aldez aurretik prestatzen hasiz.
? Integrazio kontratuan agertzen diren kutxen arteko akzioen salmenta edo “autokartera”-ko aukera jada prestatzea.
? Bada ez bada, Instituzioetan kapital publikoa inbertitzeko erreserbak egitea.
? Hiru foru aldundiak eta Jaurlaritzaren artean sozietate publikoa martxan jartzea inbertsioa egitea beharrezkoa balitz, kapital pribatua ez eta Kutxabanken sartzen dena kapital publikoa dela bermatzeko.
Amaitzeko, berriro diogu. BBK banku fundazio bihurtzen bada ekainaren 30ean, BBKren kontrol publiko eta soziala ezerezean geratuko da, gure kutxa desagertuko da, ez dago bermerik (Urkullu “sinetsita” egon arren) BBKren izaera soziala mantentzeko, hain zuzen erabaki guztiak 15 pertsonen eskuetan geratuko baitira. Horregatik azpimarratu nahi dugu puntu hori bertan behera geratu behar dela herri akordioa landu ahal izateko.