Larunbat honetan, ekainak 28, mundu osoko kaleetan, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGBT kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. Aurten 45 urte beteko dira Greenwich (New York) auzoko matxinadatik, askatasun sexualaren mugimenduaren baitan eta erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra mugarri izan zena. Pertsona askeek osatutako herri askea eraiki nahi dugun heinean, larunbat honetan Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dugu.
Europako azken hauteskundeetan muturreko eskuinaren gorakadaren, Afrikako hainbat herrialdeetan emandako errepresio bortitzaren eta Errusia bezalako herrietan zein Europako Batasuneko kide diren bestelakoetan, Kroazia kasu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen kontrako aldaketa konstituzionalen lekuko izan gara. Errealitate hauen aurrean, pertsona guztien eskubideak eta askatasuna aldarrikatzen jarraitzeko garaia dela argi dugu, edozein izanda ere haien izaera, genero identitatea edo sexu joera.
Baina tamalez, Euskal Herrian ere ematen dira oraindik erasoak eta inposizioak matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik. Horren eredu dira Hegoaldeko saltokietan eros daitezkeen homosexualitatearen aurkako eskuliburuak. Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerraraziko dituenak, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.