Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak alarde baztertzaileak gainditzeko benetak urratsak egin ditzala eskatu dio gaur Urkullu lehendakariari. Gogorarazi dio, halaber, Kerejeta Hondarriko alkatea bere alderdikoa dela eta, hartara, irailaren 8an alarde parekideari harrera egin diezaiola eskatzeko exijitu dio.
Eskubideak pertsonarenak dira, ez gehiengoarenak ez gutxiengoarenak, pertsonarenak baizik.
Oso egokia iruditzen zaigu, lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi eginiko inkesta Hondarribiko alardearen inguruan. Inkesta horren arabera, galdetutako pertsonen gehiengoa ez dago ados egungo gatazkarekin eta, gainera, konponbide bat nahi dute, alardean parekidetasunez parte hartzea ahalbidetuko duena.
Inkesta horrek agerian uzten du, Erakunde eta alderdi politikoek konponbide baten bila berehala lanean hasi behar garela. Hala nola, inkesta horren emaitzak ikusita hurrengo ondorioetara heldu gaitezke: alarde parekidea agenda politikoan urte osoan eta ez bakarrik une jakinetan kokatzeko beharra dago.
Hain zuzen ere alardearen harira sortutako erakundeen arteko lan esparruan norabide horretan lan egiten da.
Lan esparru hori Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako espazioa da, Emakunde eta Arartekoaren parte-hartzearekin.
Lehen aipatutako guztiagatik, galdetu nahi diogu:
Nola baloratzen du Urkullu lehendakariak, Irungo eta Hondarribiko alkateek bertako alarde eta konpainia parekideei babes instituzionalik ez ematea?
Lehendakariari galdetzen diogu ea onartuko duen 2 alkate hauek Jaizkibel konpainiari eta alarde parekideari harrerarik ez egitea, alarde baztertzaileari babesa emanez eta emakumeen askatasunak eta eskubideak ukatuz.