Alternatibako bozeramaile Diana Urreak herritarrei dei egin die “Irunen zein Hondarribian, emakumeen bazterketarik gabeko jai herrikoi eta demokratikoen alde lanean aritu diren pertsona guztiei babesa adierazten jarrai dezatela”, alardeetan urtero gertatzen dena jakinda eta, Irungoa bihar ospatuko dela. Nabarmendu du, halaber, aurten alarde parekideak konpainia berri bat, Santiagokoa, izango duela, “horrek erakusten du, herritarren artean gero eta babes zabalagoa duela, beste behin ere, instituzioei aurrea hartuta gatazka konpontzeko bidean”.
Alternatibarentzat guztiz “onartezina da kargu publikoek plastiko beltzena bezalako jarrerak edota beren herriko jaietan askatasunez parte hartu nahi dutenak iraintzea eta bizkarra ematea babestea”. Leporatu diete halaber, balizko gehiengoetan ezkutatzea, izan ere, “oinarrizko eskubideak ez daudelako inongo gehiengoren menpe, errespetatu eta instituzioetatik bermatu beharra besterik ez dago”.
Joan den ostiralean, Gasteizko legebiltzarrean, eskatu zion Urreak Urkullu lehendakariari alderdikide duen Hondarribiko alkate Aitor Kerejetaren jarrera aldarazteko lan egin dezala, eta gauza bera eskatzen dio orain PSEri, “Irungo alkate sozialista Antonio Santanori exijitu diezaiotela alarde baztertzailea babesten ez jarraitzeko, gainera alarde parekideari harrera ere egiten ez dionean”. Are gehiago, kontraesana iritzi dio PSEko gazteriek alarde publikoaren lana saritu izana alderdi bereko alkate batek bere herriko biztanleen erdia baztertzen jarraitzen duen bitartean.
Urtero bezala, Alternatibako ordezkariak Irunen izango dira astelehenean Alarde parekidea “publikoa, parte-hartzailea eta bazterketarik gabekoa” bultzatu eta babesteko, alderdiko bozeramaileak esan duenez. Diana Urrearekin batera, Alternatibako ordezkari ugari bertaratuko dira, tartean Ander Rodriguez lurraldeko Politika Sozialeko diputatua eta Jon Lasa Koordinakunde Nazionaleko kidea. Han izango dira berdintasuna eta bazterketarik gabeko jaiak aldarrikatzen duten Irungo milaka gizon-emakumeekin.